EHZ, Iparraldetik zuzenean

Egun hauetan izan dugun beroak uda ate-joka dugula gogorarazi digu. Eta eguzkiaren urtaroarekin batera, Euskal Herria Zuzenean festibala ere hemen digula ohartarazi nahi izan digu. Ekainaren 29tik uztailaren 1a bitarte, Europako festibalzaleen begiak Heletan (Nafarroa Beherean) jarriak egonen dira.

afitxaUrteak dira Topaguneak bertan parte hartzen duela, eta aurtengoan ere Euskal Herriko egutegiko egunik garrantzitsuenetarikoan egoteko asmoa du. EHZ-k eta Euskara Elkarteen Federazioak festibalean laguntzaile izateko aukera eskaini nahi diete bazkide guztiei. Gainera, Topaguneko laguntzaileentzako baldintza bereziak daude.

Orokorrena festibalean laguntzaile aritzen direnak 5 txanda izaten dituzte eta trukean otordua doan izaten dute. Topaguneko kideak, berriz, 4 txanda egin beharko dituzte. Lanorduei dagokienez, txandak ostiralean gaueko 22.00eak aurrera eta igandean arratsaldeko 17.00ak arte izango dira. Lan egitearen truke asteburuko pasea eta bi apairu izango dituzte bazkideek. Eta akanpalekua laguntzaileentzat prestatzen duten gunean izango dute.

Parte hartu nahi dutenek EHZ-ren webgunean izena eman dezakete (http://ehz-festibala.eu/bereziak). Horretarako, gomendagarria litzateke izenaren ostean parentesi artean Topagunea idaztea. Modu horretan antolakuntzak taldeak egiterakoan eta lanak banatzeko garaian kontuan hartuko du, eta Topagunetik laguntzaile gisa joan direnei eskaintzen zaizkien baldintza bereziak ezarri.

Elkarteen herrixka

Uztailaren 1ean, igandearekin, Elkarteen Herrixka egonen da. Urtero bezala Topaguneak mahaitxo bat izango du eta bertan Euskara Elkarteen Federazioak duen materiala salduko du. Bazkideek ere beren elkarteetako materiala saltzeko aukera izango dute. Horretarako Topaguneak materiala egun batzuk lehenago jasoko luke bulegoan, eta egunean bertan Elkarteen Herrixkan egongo diren arduradunek salduko lukete. Honen gainean informazio gehiago nahi izanez gero 943 57 39 31 telefonora deitu edo arkaitz@topagunea.com helbidera idatzi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude