“Argi-Hizkiak” argazkietan oinarritutako testu laburren lehiaketa

Egizu Getxo euskaldun elkarteak, UK aldizkariak, Getxophoto ekimenak eta Getxoko Udalak antolatutako “Argi-hizkiak”, argazkietan oinarritutako testu laburren I. lehiaketara lanak bidaltzeko epea datorren maiatzaren 1etik 31ra bitartean egongo da zabalik. Literatur-ekimenaren helburuak jendea euskaraz idaztera eta irakurtzera animatzea eta Getxoko eta Uribe Kostako argazkilariak eta euren lana sustatzea eta zabaltzea dira. Horretarako jadanik 15 argazkilariren argazki bana aukeratu dira eta horietan oinarritutako testuak idatzi beharko dituzte parte hartzaileek. “Getxon horrelako lehiaketarik ez zegoela eta, martxan jarri dugu eta euskararen erabilera sustatzeaz gain, herriko hainbat eragileok batera, elkarlanean, egin dezakegun beste adibidetako bat da”, aipatu du Koldo Iturbek, Euskara zinegotziak.

Lehiaketan 16 urtetik gorako edonork hartu ahal izango du parte, eta bi kategoria ditu, bata SMS bidezkoa (160 karaktere gehienez) eta bestea posta elektroniko bidezkoa (100 hitz gehienez). Euskara batuan zein edozein euskalkitan egon ahal izango diren testuetako bakoitza argazkietako batean egon beharko da oinarrituta eta egileak adierazi beharko du zein argazki aukeratu duen. Testu mota guztiak, hau da, prosa, olerkia, bertsoa…, onartuko dira.

Parte hartzaile bakoitzak, gehienez ere, bi testu bidali ahal izango ditu (bi kategoria berean edo testu bana bi kategoriatan; bi testuak argazki berekoak izan daitezke). Parte hartu ahal izateko izen-emate fitxa bete beharko dute interesatuek. Ondoren parte hartzaileek testuak hona bidali beharko dituzte: posta elektronikoz edo SMS bidez 619 935 541 telefono-zenbakira.

Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoak egingo du lehenengo galbahea egingo du eta ondoren Laura Mintegi, Irati Elorrieta, Unai Elorriaga eta Iñaki Friera idazle getxotarrek osatutako epaimahaiak epaia datorren irailaren 10ean emango du

ezagutzera. Kategoria bakoitzeko irabazle bana izango da eta 150€ jasoko ditu. Horietaz gain, argazki bakoitzeko testu irabazle bat egongo da eta beraientzako saria lanak datorren urrian Torrene aretoan ikusgai egotea izango da. Ondoren erakusketa beste toki batzuetara eramateko aukera aztertzen ari da. Jasotako testu guztiak webgunean agertuko dira.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude