Orio eta Aiako Karkarak kanpaina abiatu du, laguntzaile berriak lortzeko

KARKARAk behar zaituEgoera ekonomiko txarrari aurre egiteko, finantzazio bide berriak bilatzeko premia du Karkarak.

Bi udalekin hitzarmenak lotu nahi ditu, publizitate-bide osagarriak landu eta laguntzaile gehiago lortu.

Aldizkariaren zenbaki honetan bertan abiatu du Karkarak laguntzaileak lortzeko kanpaina. Karkarak behar zaitu leloa erabiliko du, hemen ondoan ikusten den irudiarekin lagunduta. Kanpainarako irudia Julian Toquero diseinatzaile lasartearrak egin du, bere ohiko estilo naif eta sinpatikoan.

Diru-kontuak berdindu ezinik

Karkara Taldearen urteko aurrekontua 78.843 eurokoa izan zen iaz. Horrekin ordaindu ziren aldizkariaren urteko 19 zenbakien inprentako gastuak –3.100 ale zenbakiko–, webgunea, banaketa gastuak eta bi langileren soldatak, besteak beste.
Diru-sarrera nagusiak hiru ditu aldizkariak: administrazioaren diru-laguntza –bi udalak, Jaurlaritza eta Aldundia–, publizitatea eta bi herrietako laguntzaileek ematen dutena. Orioko Udalak 13.400 euro eman zizkion 2011n eta Aiakoak, berriz, 6.354. Jaurlaritzaren eskutik 11.378 euro jaso zituen eta Aldundiarenetik, berriz, 6.621. Laguntza publikoetan, hortaz, 37.753 euro jaso zituen iaz Karkarak; aurrekontu osoaren erdia baino gutxixeago, hortaz. Publizitateari dagozkion diru-sarrerak 30.600 eurokoak izan ziren 2011n.
Azkenik, laguntzaileen bidez –aldizkaria kaleratzeko borondatezko diru-laguntza ematen dutenak dira laguntzaileak–, 10.000 euro inguru jasotzen ditu  Karkarak. Laguntzaile bakoitzak 35 euro jartzen ditu urtero eta ia 300 laguntzaile  ditu elkarteak.
Krisia dela-eta, aurtengo aurreikuspenak ez dira onak Karkararentzat ere: nahiz udaletatik datozkion diruak gehituko diren, Jaurlaritzarenak eta Aldundiarenak jaitsi egingo dira eta, nabarmena denez, publizitatearenak ere bai.
Gauzak horrela, bide bat geratzen zaio Karkarari, kontuak berdindu ahal izateko eta estutasunetik libratzeko: laguntzaile berriak sortzea, ahalik eta gehien. Bide horri helduko dio Karkarak datozen hilabeteotan eta horretarako abiatu du Karkarak behar zaitu kanpaina. Aldizkaria egiten dutenen helburua da 500 laguntzaile izatera iristea. Horretarako, aldizkariarekin orrialde batzuk banatu dira laguntzaileak lortzeko. Horrez gain, Kultur Etxean, kiroldegian eta anbulatorioan ere egongo dira laguntzaile izateko orrialdeak. Horiek bete eta Kultur Etxera eramatearekin nahikoa izango da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude