Herri ekimeneko euskal hedabideek sektorearen diagnostiko eta erronka komunak aurkeztu dituzte

0002

? Negozio eredua, lan baldintzak, kalitatea, lehiakortasuna, ikerketa eta elkarlana, etorkizunerako gakoak

? Diagnostikoa abiapuntu moduan hartuta, erakundeei hausnarketa mahai bateratuak osatzeko deia egin diete

2011n elkarrekin hasitako bideari jarraiki, herri ekimenez sortutako euskarazko hedabideok agerraldi bateratua egin dugu gaur Andoainen, sektorearen diagnosia eta erronka komunak identifikatzen dituen dokumentua sinatu eta jendaurrean aurkezteko.

Zentzu hertsian publikoak ez izan arren, funtzio sozial agerikoa dugula gogorarazi nahi izan dugu euskal hedabideok, bai euskararen garapenean dugun zeregin funtsezkoagatik, bai euskal hiztunen komunitatearen baitan komunikazioa lantzeak eta jorratzeak suposatzen duenagatik. Azken 25 urteetan, batez ere hezkuntza dela eta, urrats handia eman da euskararen ezagutzaren eremuan, horretan ez da zalantzarik. Erabileran, aldiz, hizkuntzaren osasuna adierazten duen neurgailurik zehatzenean, zailtasun handiak daude. Eta gurea bezalako gizarte moderno batean nekez egingo dira urratsak hedabide sare indartsurik ezean. Azken finean, hiztun komunitate guztiek dute mundua beren hizkuntzan ikusteko eta kontatzeko beharra, eta euskal hedabideok giltzarri den zeregin horren muinean gaude. Euskaraz ez badugu egiten, beste hiztun komunitate batzuek egingo dute gure ordez, gazteleraz, frantsesez edo ingelesez.

Sektorearen pisu sozial eta kulturalarekin batera, ekonomikoa ere ekarri nahi dugu gogora: euskarazko hedabideen lana 450.000 lagunengana iristen da, eta horretarako 600 langile baino gehiago ari dira lanean 100dik gora hedabidetan. Guztira 27 milioi eurotik gorako aurrekontua mugitzen dugu urtean, eta 7 milioi eurotik gorako ekarpena egiten dugu diru publikoetara, gizarte segurantza eta zergen bidez. Ikuspuntu horretatik ere, gure jardunaren garrantzia azpimarratu eta kontuan hartua izan dadin eskatzen du sektoreak.

Ezagun da Informazio eta Komunikazio Teknologien hedapenak zer nolako krisi sakona ekarri duen mundu osoan komunikazioaren sektorera, eta 2008az geroztik bizi dugun krisi ekonomikoak aurreko hori areagotu besterik ez duela egin. Mundu mailan zein gure artean ere, agerikoak dira ondorioak, gogoratu besterik ez dago azken bi urteotan bidean geratu diren euskarazko komunikazio proiektuak: Ttipi-Ttapa Telebista, Geu Gasteiz, Txaparro, Esan-Erran Irratia, Nabarra…

Aldi berean, azpimarratzekoa da euskal hedabideok inguruko beste hizkuntza handietakoak baino hobeto egiten ari gatzaizkiola aurre krisiari. Azken finean, ohituta gaude krisi betean aritzera, eta ondo baino hobeto dakigu belar motzean ibiltzea zer den.

P3130281

Kontuak kontu, euskal hedabideok azpimarratu nahi izan dugu testuinguru zail horretan etorkizunari buruzko gogoeta estrategikoa elkarrekin egiteko ahalegina, eta eskertu GIPUZKOA BERRITZEN-INNOBASQUEk gogoeta horretan laguntzeko erakutsitako prestutasuna. Elkarlan horren emaitza hedabideek gaur sinatu dugun dokumentua da. Agiriak sektorearen gaur egungo argazki zehatza aurkezten du eta, horretan oinarrituta, aurrera begirako erronka nagusiak proposatzen ditu. Erronka horiek honela laburbildu litezke:

Negozio eredua eta lan baldintzak. Hedabideok inbertsio handiak egin behar ditugu (eta egiten ari gara), batetik teknologiak eragindako negozio ereduaren aldaketari aurre egiteko, eta bestetik bertan diharduten langileen lan baldintzak hobetze aldera.

Salmenta, kalitatea eta lehiakortasuna. Atzean ez geratzeko eta bezeroei merezi duten zerbitzua eta produktuak eskaintzeko, euskal hedabideok ekoizten ditugun produktuen kalitatea eta kudeaketa ere hobetu behar dugu. Gaur egungo produktuak estimatzen badira ere, salmentan eta merkatu mekanismoen ezagutzan asko sakondu behar dugu oraindik.

Hausnarketa eta ikerketa. Etengabeko berrikuntzaren aroan, ikerketa eta hausnarketa ere ezin ahaztu: euskarazko hedabideak zer garen, zer helburu bete behar dugun, nolakoak garen eta izan behar dugun, audientziak, kanpoko esperientzietatik ikastea eta, heburuak betetzen doazen heinean, beste hizkuntzetan aplikatzeko moduko esperientzia eta produktuak esportatzea. Hori dena garatzeko, hedabideen behatoki baten beharra argi ikusten dugu.

Elkarlana: garai zailei bakarka baino taldean hobeto egiten zaie aurre, eta alde horretatik badugu zer landu, hedabideok geure artean zein instituzioekin batera. Sektoreko kideok onartzen dugu elkarren lehiakide garela hainbat eta hainbat kasutan, baina elkarrekin ere jardun dezakegula guztion onurarako; koopetibitatea landu behar dugula, alegia.

Erakundeen laguntza politika. Deialdien sistematik hitzarmen ereduetara joatea ezinbesteko ikusten dugu. Beharrezkoa da erakundeek laguntza politika egokitzea eta sektorearen inbertsioak eta garapena sustatzea.

Laburbilduz, herri ekimeneko euskal hedabideon ustez garaia da erronka horiei sendotasunez heltzeko, eta beste molde eta bide batzuk jorratzeko, irudimena landuz, gogotik arituz eta batez ere elkarlanean, hedabideon artean, zein erakunde publikoekin eta jendartearekin berarekin ere.

Hala, gaur aurkeztutako lana, bide baten amaiera baino, bide luze baten hasiera dela azpimarratu nahi dugu. Dokumentua sinatzearekin, herri ekimeneko euskal hedabideen etorkizun hurbila zein urruna bermatu nahi duen elkarlana abiatu dugu, sektore antolatu gisa funtzionatzen hasi ahal izateko lehen harria.

Sektore hori eguneratzeko, gogoeta egin nahi dugu hedabideok, erabiltzaileekin, eragileekin eta administrazioekin batera. Horregatik, gaur sinatutako dokumentua hartarako prestutasuna agertu duten erakundeetan aurkeztuko dugu, gogoetarako oinarri baliotsua izan daitekeelakoan. Erakundeei, bide horretatik, hausnarketa mahai bateratua eratzeko deia egin nahi diegu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude