Hedabideen batzarra urtarrilaren 20an

Euskarazko tokiko hedabideon panorama berraztertzeko beharra behin eta berriro azaldu da gure artean. Ditxosozko krisi ekonomikoak, gainera, aitzakia paregabea eman die erakundeei lehendik ere estu zebilen sektore honen gainean are presio handiagoa egiteko: hortxe ditugu, fresko-fresko, Nafarroako Gobernuak hartutako neurriak, edota Jaurlaritzak ere egindako murrizketak, baina baita publizitate sarreren etengabeko beherakada, han-hemenka ixten edo gero eta zailtasun handiagoekin bizirauten duten hedabideak…

Mugitu beharra dago, eta azkar gainera. Aurre hartzen ez badugu, kanpotik erabakiko dute gure sektorearen etorkizuna zein den. Inoiz baino gehiago, premiazkoa da tokiko hedabideon paperaren inguruko gogoeta konpartitzea, eta aurrerantzean ere lanean jarraitu ahal izateko zer neurri hartuko dugun adostea.

Horretaz guztiaz jarduteko, Topagunean Federatutako Hedabideen BATZAR OROKORRA egingo dugu urtarrilaren 20an, Eibarko Markeskua Jauregian, goizeko 10etan hasita. Bi gai nagusi izango ditugu hizpide: euskarazko hedabideen sektorean gertatzen ari den mugimendua, eta mugimendu horren barruan tokiko hedabideok zer paper bete behar dugun, eta nola antolatu behar garen horri erantzuteko. Deialdi ofiziala posta arruntez jaso duzue TOPABERRIren azken alearekin batera, baina e-mailez ere helaraziko dizuegu.

Bitartean, zalantzarik edo ekarpenik izanez gero, deitu edo idatzi lasai: aldizkariak[abildua]topagunea.org edo 94 681 48 21 (Joxe)

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude