Zertan dira kongresuaren ondorengoak?

Bilboko Alhondegia eta Kafe Antzokia euskaldunon elkarteen mugimenduarentzako topagune izan genituen otsailaren bukaeran egindako Kongresuan. Urtebeteko gogoeta prozesu baten ondoren Bilbon elkartu eta hurrengo urteetarako euskaldunon elkarteen mugimenduaren oinarriparrak erabaki genituen.

Otsailaren 26 hartatik hilabete batzuk pasa dira, ba, baina ez dira geldi egoteko hilabeteak izan federazioan. Kongresuak Topaguneari lan esparru berritua ekarri dio eta, horiek ahalik eta ondoen eta garantia gehienekin heltzeko, lana ugari egin dute lantaldeak zein Zuzendaritza Batzordeak. Izan ere, zerrendatutako erronka berrituak asko eta potoloak dira eta bidelagunak lotzeari garrantzia eman diogu.

Bi arlotan aritu gara lanean nagusiki martxoaz geroztik. Batetik, mugimenduaren erronka berrituei heltzeko gidaritza antolatzen aritu gara, oinarriparren txostenean agertzen ziren lan ildo nagusiei heltzeko egitura berria lantzen; bestetik, mugimenduaren antolaketaren gaiari heltzeko lehen urrats batzuk eman ditugu, baina aurretik oinarriparren garapenaren baitako lehentasunak itxi nahi izan ditugu. 

Aditu taldetik geruzatan antolatutako mugimenduaren muinera

Aditu talde baten sorreraren beharra azpimarratzen da Kongresuak onartutako “XXI. mendeko euskaldunon elkarteen oinarriparrak” txostenean. Jakintza metatua artikulatu eta transmisiorako zein mugimenduaren jardueraren oinarriak finkatzeko talde honen ekarpena funtsezkoa izango zela aurreikusten zen. Kongresuaren erabakian hainbat eskaera egiten zitzaizkion Topaguneari eta aipatu aditu taldeari eta hurrengo hilabeteotan Zuzendaritza Batzordea eta lantaldea eskaera horien gainean lanean egon da, eskaera ezberdinei forma zehatza emanda:

  • Oinarriparren txostenean aipatzen den aditu taldea osatzean euskaldunon elkarteen bilakaera ondo ezagutzen duten eta ikuspegi soziolinguistiko jantzia duten lagunez osatutako taldean pentsatu da etengabe, baina oso argi ikusi da funtsezkoa dela aditu talde hori elkarteetako egungo dinamikan ari diren eragileen ekarpenarekin osatzea. Barne transmisioa landu eta egungo eragileak mugimenduaren lider izateko prestatze bidean, ez litzateke ulergarria izango belaunaldi berriek muineko talde horretan presentziarik ez izatea.
  • Antolaketa berrian, euskaldunon elkarteen mugimenduko barne komunikazioak berebiziko garrantzia izan behar du. Topagunearen baitan antolatutako muineko taldeak eta euskaldunon elkarteetan eragile diren lagunek ondo komunikatuta egon behar dute.
  • Euskaldunon elkarteen mugimenduaren erronka berrietarako diskurtsoa eta mezua lantzea lehentasunezko eta funtsezko gai bihurtu behar dira. Muineko taldearen mahaiaren gainean egongo den gai nagusietakoak izan behar dira hauek.
  • Antolakuntza berriak Kongresuaren hausnarketan agertutako gabezia garrantzitsuenetako bati erantzun behar dio: mugimenduaren barruan transmisioa antolatu beharra dago. Horretarako, eginkizun ezberdinak izango ditu, baina formazioa antolatzea lan ardatzetako bat izan behar da. Gainera, antolakuntzak berak transmisio hori lagundu behar du, gazte belaunaldiak gune guztietan egon daitezen bermatuz.
  • Laborategiak antolatzea izan behar da azkenik Topagunearen eta guneko taldearen beste egiteko bat. Aitzindaritzak lantzeko bidea izango da egitasmo berriak laborategietan frogatu eta horien zabalkundea antolatzea.

Eginkizun ugari, beraz, hasiera batean “aditu talde” izena eman zitzaion lantaldearentzat. Kongresuaren baitako gogoeta esperientzia oso positiboa izan zen gidaritzari zegokionean. Prozesu horretan, Topaguneko kideez gain, HUHEZI fakultuateko Sorguneak ikertegiko kideak izan ziren muineko taldearen gidari. Kongresuko Batzorde Txikian egindako balorazioak eraman gaitu berriro ere Sorguneak ikertegiko lagunei hurrengo urteetarako elkarlana proposatzera. Elkarlan proposamen horren arabera, hurrengo lau urtetarako Sorguneak ikertegia Topagunearen prozesu honetan bidaide izango da, muineko taldearen koordinazio lana eginez, formazioa antolatuz, laborategietan ekarpena eginez eta aholkulari moduan jardunez. Topagunearentzat eta euskaldunon elkarteen mugimenduarentzat berri ona da, zalantzarik gabe, Sorguneak ikertegiko lagunak hurbil izatea, ikertegiak bermea eskaintzen baitio mugimenduak abiatu nahi duen bide berriari.

Hasieran aditu talde moduan irudikatu zenak beste antolaketa modu bat ekarri du azken hilabeteetan. Aurretik aipatutako eginkizun eta ezaugarriak kontuan hartuz, adituekin osatutako batzorde bat baino, geruza ezberdinetan antolatutako eta partaide gehiagoz osatutako antolaketa batetara jotzea egokiago baloratu da. Hiru geruzatan antolatzen ari da beraz, euskaldunon elkarteen mugimenduaren muina izan nahi duen taldea.

  • Lehen geruza: Gogoeta ekintza taldea. 14-15 lagunekin osatutako taldea izango da eta gutxienez hilabetean behin bilduko da. Talde honen ardura izango da Kongresuan onartutako erronka berrietan Topagunearen eginkizunak gidatzea. Zuzendaritza Batzordearen ondoan arituko den taldea osaera anitzekoa izango da. Topaguneko lantaldeko hiru lagun eta zuzendaritzako bi (tartean lehendakaria) izango ditu, Sorguneak ikertegiko bi eta gainontzeko kideak elkarteetako eragileak zein soziolinguistika arloan ezagutza sakonak dituzten lagunak izango dira. Batzorde honek izaera aholkulari-proposatzailea izango du eta Zuzendaritza Batzordearekin paraleloan lan egingo du. Azaroaren 16an egin zuen lehen bilera batzordeak (nahiz eta oraindik ez dauden kide guztiak izendatuta).
  • Bigarren geruza: kide eta funtzio anitzeko geruza. Nagusiki aholkulari izango da geruza hau. Ezagutza arlo ezberdinetako adituek, Topaguneko lantaldeko hainbat kidek eta zenbait elkartetako eragileek parte hartuko dute geruza honetan. Hiru funtzio eta dinamika izango ditu: urtean hiru-lau bider bilduko den batzorde batek gogoeta ekintza taldeari ekarpena egingo dio (diskurtsoan, politiken irakurketan eta bestelakoetan); herrialdez-herrialdeko errealitatera egokitzeko, Topaguneko sustatzaileen bueltan herrialdeka antolatuko den aholku taldea osatuko da, eta; martxan jarriko diren laborategietako bakoitzak, bigarren geruza honetan talde bat izango du, egitasmo horien jarraipena egiteko.
  • Hirugarren geruza: euskaldunon elkarteen muinean (zuzendaritzatan eta lantaldeetan) dauden lagun guztiek osatuko lukete talde hau. Lehen eta bigarren geruzekin lotura zuzena izango duen geruza honetan 300 lagunen bueltan egon daitezkeela aurreikusten da.  

Esan bezala, antolaketa honek ondo funtzionatu dezan klabe garrantzitsuetako bat komunikazioa izango da. Topagunearen erronka nagusietako bat izango da, hiru geruzon arteko informazio eta harreman fluxuak ondo antolatuak izatea.

Kongresuaren bigarren fasea: antolaketa

Bitartean, mugimenduaren antolakuntzaren fasea hastea uste baino gehiago atzeratu zaigu. Lehentasun osoa eman nahi izan diogu lehen fasea guztiz itxita izateari (hortxe kokatzen da orain arte aurkeztutako guztia) eta udazkenean heldu diogu antolakuntzaren gaiari.
Lehen faseko esperientziak lan egiteko modu bat erakutsi zigun eta, egoki baloratuta, berriro ere antzeko prozesuari heltzea proposatuko da. Lantalde txikian (Topaguneko lantaldean) hasita gaude jadanik mugimenduaren antolaketaren gaineko lehen hausnarketa egiten. Horretan, antolakuntza gaietan aditu diren Hobest aholkularitzako kideen laguntza izaten ari da, eta hurrengo urratsetan ere, berauek izango ditugu lagun. Bi gai aztertzen ari dira batera: mugimenduaren antolaketa eta Topagunearen lantaldeko antolaketa.

Urtarriletik aurrera zabaldu ahal izango da gogoeta hau euskaldunon elkarteetara eta, aurreko fasean egin zen modura, barrutik kanporantza proposatuko da hausnarketa: Topaguneko lantaldean eta zuzendaritzan hasitakoa, euskaldunon elkarteen kontraste talde batekin jarraituko da (nahi bestek parte hartu ahal izango dute) eta, azkenik, bazkide guztiei zabalduko zaie eztabaida (mugimendu osoari).

Urtarriletik aurrera abiatuko den hausnarketan parte hartzeko gonbitea luzatu nahi dizuegu lerro hauen bidez. Hurrengo asteotan (abenduaren 15erarte) hausnarketa horretan parte hartzeko interesa duzuen elkarteetako kideek, Topagunean zuen interesa agertu dezakezue. Horretarako bulegoa@topagunea.org helbidera mezua bidali, mesedez. Gai garrantzitsuak landuko ditugu gogoeta horretan eta beraz, gonbidatuta zaudete modu aktiboan parte hartzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude