Nafarroako Gobernuak gaztelerazko hedabideak babestu eta euskarazkoak babesik gabe utzi nahi ditu

Azken urteotako joeraren azken urratsa eman nahi du Nafarroako Gobernuak datorren urtean. Euskarazko hedabideentzako zituen diru-laguntza gero eta urriagoak ezerezean geratuko dira datorren urtean, baldin eta 2012rako aurrekontu proposamenean jasota daudenak betetzen badira.

Diru-laguntza horiek beti egon dira gutxieneko mailatik oso behera, baina urteroko murrizketen azken kapitulua egin nahi dute Gobernuko arduradunek euskarazko hedabideek zuten babes urriegia guztiz desagertaraziz. Babes ekonomikorik ezari, gainera, errekonozimendu eza gehitu behar zaio: Nafarroako Gobernuak euskarazko hedabideak ikusezin bihurtzen ditu, ez ditu berdintasunean tratatzen ez informazioari dagokionean eta ezta publizitate euskarri moduan ere.

Bitartean, gaztelera eta gaztelerazko hedabideak babesteko neurriek bere horretan jarraitzen dute Nafarroako gobernuan. Iritzi interesatuak jasotzera ohituak gaituzte, euskara eta euskarazko hedabideak omen dira babesa jasotzen duten bakarrak, baina irakurketa errealak egiten hasteko garaia da:

  • Nafarroan emititzen duten hiru telebista pribatuen artean 3.000.000 euro banatu izan ditu urtero-urtero azken urteetan: Canal 4, Canal 6 eta Popular televisión dira hiru telebista horiek. 2012 urteko aurrekontu proposamenean 2.450.000 euro aurreikusita daude aipatu hiru telebisten artean banatzeko. Bitartean, euskarazko hedabide guztien artean, urterik onenean 300.000 euro banatu izan dira eta 2012rako 0 euro banatzea aurreikusten da.
  • Nafarroako Gobernuak (zuzenean edo bere entitate babestuen bidez) Nafarroan publizitate instituzionalean gastatzen duen publizitatearen %99 baino gehiago gaztelerazko medioetan gastatzen du. Euskarazko hedabideek ez dute publizitate euskarri moduan inolako aitorpenik, Nafarroako gizartearen zati handi batek ez du bere gobernuaren aitorpenik.
  • Hedabideen aferaz haratago, Nafarroako Gobernuak hezkuntzan gaztelera zaintzeko saila sortzea ere esanguratsua da gobernu honek bere kudeaketa eremuan dituen bi hizkuntza ofizialen aurrean duen ikuspegia eta jarrera ulertzeko. Gaztelera babesteko neurriak euskara eta Nafarroako hiztun euskaldunok babesteko neurrien gainetik jartzen dira, batzuk desagertarazten diren artean besteak indartzen baitira.
  • Nafarroako Gobernuak 1986. urtean onartu zuen Euskararen Legean Gobernuaren betebeharrak zehazten dira. Horrela dio legeak bere III. tituluan ( Komunikabide Sozialak):
  1.  
    • 27. artikulua. 1. Administrazio Publikoek sustatuko dute euskararen mailaz mailako presentzia komunikabide sozial publiko eta pribatuetan. Horretarako eta komunikabideek euskara gero eta gehiago eta ohiko moduan erabil dezaten, Nafarroako Gobernuak diruz eta materialez laguntzeko planak gauzatuko ditu.
  • Diru-laguntzen partida aurrekontutik desagertaraziz nola beteko du Gobernuak legeak esaten duena? Udalen eta herritarren bizkarretan hedabideak sustatzeko erantzukizun osoa utzita?

Nafarroako Gobernua politika egiteko dago, eta beraz hartzen dituen erabakiak politikoak dira. Baita euskarazko hedabideen diru laguntzen banaketa erabakitzen duenean, dudarik gabe. Kasu honetan, eta erabaki horien ondorioz, hedabideak ekonomikoki itolarrian utzi ditu. Kaltetuak, gurekin batera , Nafar herritarrok gara. Informazioa aukeratzen dugun hizkuntzan jasotzeko eskubidea eta aukera gero eta murritzagoa delako, euskaraz bizitzeko aukerak urritzen zaizkigulakoz hedabideok itoaraziz, eta azken batean euskaldunok gure lurraldean bigarren mailako herritarrak bilakatzen gaituelakoz. Ez ordea zergak pagatzerakoan. Hori guztia, gainera, euskara ofiziala den lurraldean.

Dudarik ez, Nafarroako aniztasuna eta pluraltasunaren kontrako norabidean dabil Gobernua, eta horrenbestez Nafarroa pobretzen du kulturalki.

Oraindik presente dugu 2008. urtean Parlamentuan onartu zen ebazpena, baita ere PSNren botoekin, non Nafarroako Gobernuari Parlamentuak gehiengoz exigitzen zion euskarazko hedabideen egoera egonkortzeko hitzarmen bat sina zezan. Jakina Gobernuak entzungor egin zion eskaerari, hori beharrean urtez urte diru partidak murriztu ditu. Orain Gobernuan UPN eta PSN daude, non geratu da PSNrentzako eskaera horiek?

Euskarabideari dagokionez, datorren urteko aurrekontu proposamena ikusita, edukiz guztiz hustuta dagoen erakundea dela ikusten dugu. Sortu zenetik aurrera, krisialdi ekonomikoaren kontestuan, urteroko joera izan da Euskarabidearen aurrekontuan presentzia zuten diru-laguntzen partidak murrizten joatea, batzuk guztiz desagertarazi arte. Edukiz hustuta dauden erakundeak zertarako behar ditugun galdetzen diogu gure buruari.

Bukatzeko, zenbait eskari luzatu nahi genizkieke nafar gizarteari eta nafarrok ordezkatzen gaituzten alderdi politikoei:

  • Nafar gizarteari egoeraren larriaren kontzientzia hartzeko, erantzukizunez jokatzeko eta euskarazko hedabideak babesteko eskatzen diogu
  • Nafarroako Gobernuan eta Parlamentuan dauden alderdiei eskatzen diegu 2012ko aurrekontuetan berrezarri dezatela hedabideetan euskara sustatzeko diru laguntza deialdia, eta ekonomikoki duina izan dadila, edo aurreko urteen parekoa gutxienez. Eta hori izan dadila lehendabiziko urratsa behar dugun hitzarmena sinatzeko.

 

Bestela, 2012ko aurrekontuak babesten duten alderdiek euskarazko hedabideen heriotza- zigorra sinatuko dute

 

Nafarroako Topaguneak prentsan aurkeztutako idatzi osoa, ondoko loturan aurkituko duzue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude