Murrizketa gehiago euskarazko hedabideendako

Nafarroako euskarazko hedabideek eta Topaguneak, Euskara Elkarteen Federazioak, salatu nahi dugu beste behin ere Euskarabideak murrizketak ezarri dizkigula. Irailaren 7an Nafarroako Gobernuak jakinarazi zuen aurtengo aurrekontuetan 327,25 milioi euroko gastu murrizketa eginen zuela. “doikuntza” horien helburua aurrekontuaren egonkortasuna bermatzea dela azaldu zuten. Iragarpen horrek gizarteko arlo asko ukitu ditu hezkuntza, osasuna eta beste.

Nafarroako hedabideen ordezkariak, prentsaurrean

Eskarmentuak erakutsi digu halakoetan euskarari zuzendutako diru-sailak ez direla onik ateratzen. Iragarpena jakinarazi zenetik zenbaitetan Euskarabideara informazio eske jo genuen. Ez ziguten ezer erantzun. Edo bai, esleitutako diru-laguntza kobratzeko dokumentazioa aurkezteko epea aurreratu zutela.

Aste honetan iritsi da murrizketaren jakinarazpena. Maximino Gomez Serrano Euskarabideako zuzendari kudeatzaileak azaldu digunez, Nafarroako Gobernuak aurrekontuak “doitzeko” hartutako erabakiak “Euskararen gaineko programak komunikabideetan” kontu-sailari ere eragin dio. Euskarabideak jakinarazi duenez urriaren 31ra arte justifikatutako gastuak ordaintzeko adina diru badu, baina urteko azken bi hilabeteetarako aurreikusia zuen dirurik ez dago.

Euskarabideak esleitutako diru-laguntzak bi epetan ordaintzen ditu. Diru-laguntzaren erdia jakinarazpenarekin batera ematen du, eta beste erdia gastuak justifikatu ondoren. Bigarren ordainketa horretan eginen du murrizketa Euskarabideak. Honela:

  • Beleixe irratia: %34ko murrizketa.
  • Esan-Erran irratia: %37ko murrizketa.
  • Guaixe aldizkaria: %20ko murrizketa.
  • Mailope aldizkaria: %34ko murrizketa.
  • Pulunpe aldizkaria: %37ko murrizketa.
  • Ttipi-ttapa aldizkaria: %34ko murrizketa.
  • Xorroxin irratia: %33ko murrizketa.

Murrizketa horiek guztiek, euskarazko hedabideok aurretik jasaten ari garen egoera ekonomiko larria areagotzen du. Hedabideok esleitutako diru kopuruak kontuan izanik egin ditugu urte guztiko aurreikuspenak. Orain, bat-batean, zati bat kentzea lehendik ahula den gure ekonomia-osasuna kolokan uzten du.

Gauza aski jakina da hedabideok ezinbesteko elementu bat garela euskararen ekosistema mantentzeko, indartzeko eta biziberritzeko. Euskarabideari eta haren arduradun politikoei hori ahalbideratzeko, babesteko lan egitea exijitzen diegu. Horregatik, esleitutako diru-laguntza bere osotasunean ematea exijitzen dugu. Aldi berean, sektoreko aktoreekin bildu, egoera aztertu eta etorkizunerako hitzarmen bat lantzea eskatzen dugu, Nafarroako Parlamentuak 2009an eskatu zuen moduan.

Nafarroako euskarazko hedabideak eta Topagunea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude