Benito Ansola Bekarekin sortutako laburren estreinaldia, abenduaren 3an

David Zabala lekeitiarrak zuzendutako “Ohe azpiko zera” eta Joseba Uberuaga gernikarraren “Izena duena” laburrak datorren abenduaren 3an estreinatuko dira Lekeition, Zine Bileraren programazioaren barruan.

Bi lanok Benito Ansola Beken lehen edizioa irabazi eta launa mila euroko laguntza jaso dute garatu ahal izateko. Beka horiek Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak sortu ditu, Lekeitioko Udalarekin eta Euskal Zine Bilerarekin lankidetzan eta Eusko Jaurlaritzaren zein Bizkaiko Foru Aldundiaren Gazteria Zuzendaritzen babesarekin.

BENITO ANSOLA BEKAK - logoaSortzaile euskaldunei lanak sortu eta zabaltzeko aukera emateko asmotan, Topaguneak hainbat egitasmo sortu ditu azken urteotan: Laburbira film labur zirkuitua, Kameratoia ikus-entzunezko rallya, aurtengo Durangoko Azokan estreinatuko den Irudienea egitasmoa eta iaz abiatu zen Benito Ansola beka. Horiekin guztiekin, euskarazko ikus-entzunezkoen sormenari lagundu nahi dio Topaguneak, beti ere euskara elkarteen mugimenduaren ikuspegitik, hots: sormen hori euskararen normalizazioan eragiteko tresna gisa ulertuta. Ekimen horien bidez, ikus-entzunezko lanak euskaraz sortzea eta lan horiek zabaltzea bultzatu nahi du Federazioak, baita esparru horretan diharduten lagunen arteko harreman sareak euskaraz ehuntzea.

Ingurumari horretan, Euskara Elkarteen Federazioak Benito Ansola Bekak sortu zituen 2010ean. Euskal Herriko 18-36 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude, eta ikus-entzunezko lanak sortzen laguntzea dute helburu. Lehen edizioan 17 proiektu jaso genituen, batez ere Bizkaia eta Gipuzkoatik, genero guztietakoak: animazioa, drama, tragikomedia, fikzioa eta, batez ere, dokumentalak.

Gauzak horrela, epaimahaiak ez zuen erraza izan horien artean bi lan aukeratzea. Epaimahai hori hiru lagunek osatu zuten:

  • Koldo Almandoz zuzendari eta errealizadore donostiarrak
  • Vanesa Fernandez, EHUko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko irakasleak
  • Joseba Zuberogoitia, Lekeitioko Euskal Zine Bilerako antolatzaileak

Esan bezala, epaimahaiak aukeratutako bi lanek launa mila euroko laguntza jaso dute egitasmoa gauzatu ahal izateko, eta emaitzak, egia esan, ederrak izan dira. Ekoitzitako bi lanak abenduaren 3an estreinatuko dira, Lekeitioko Euskal Zine Bileraren itxiera galan. “Ohe azpiko zera” eta “Izena duena” dira haien izenburuak, eta jarraian duzue bakoitzaren inguruko fitxa labur bat.

Benito Ansola - Ohe azpiko zera

OHE AZPIKO ZERA.

Egileak:
David Zabala eta Paul Urkijo.

Ezaugarriak:
Argumentuzko fikzioa, 13’.

Sinopsia:
Mattini galtzerdiak desagertu egiten zaizkio egun batetik bestera. Bere klasekideak barre egiten diote galtzerdirik ez duelako eta etxean errieta egiten diote galtzerdiak galtzeagatik. Egoera hau nork edo zerk eragiten duen argitu nahian Mattin bere beldurren aurka arituko da.

Trailerra:

ohe azpiko zera (teaser) from paneo360 on Vimeo.

 


 

'Izena duena' - fotograma batIZENA DUENA.

Egilea: Joseba Uberuaga Natxiondo.

Ezaugarriak: Argumentuzko animazioa, 9’.

Sinopsia: Basajaunek gau osoa eman du ardiak zaintzen. Goizaldean, abiatzeko orduan, otsoak agertu dira!. Txistua jo du bordako artzainak ohartarazteko, baina ez dirudi konturatu direnik.

Trailerra:

Izena Duena aurrerapena from Joseba Uberuaga on Vimeo.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude