Larunbatean jakingo da zeintzuk diren KAMERATOIAren aurtengo irabazleak

Kameratoia garaikurraBihar, jakingo da zeintzuk diren KAMERATOIA ikus-entzunezko rallyaren zazpigarren edizioko irabazleak. Lanik onenek 1.500, 1.200 eta 900 euroko sari bana eskuratuko dute, Sopelako Kurtzio Kultur Etxean egingo den ekitaldian.

KAMERATOIA gazte euskaldunen sormena sustatzeko lehiaketa da. Lehiakideek hiru eta zortzi minutu bitarteko euskarazko ikus-entzunezkoa sortu behar izan dute, uztailaren 9an ezagutu zuten gaia (“txiri-txiri, pitxin!”) eta lanetan agertu behar ziren Uribe-Kostako hainbat ezaugarri eta lokalizazioren zerrenda errespetatuz. Lanak entregatzeko epea uztailaren 14an amaitu zen eta, guztira, 10 taldek lortu dute garaiz bukatzea.

Ondoren, epaimahaiak ekin dio lanari. HUHEZIko irakasle Iban del Campok, EHUko Vanessa Fernandezek eta Hibai Castro zinegileak galtzak bete lan izan dute aurkeztutako lan guztien artean saria nori eman erabakitzeko.

Esan bezala, erabakiaren berri uztailaren 23an emango da Sopelako Kurtzio Kultur Etxean, aurkeztutako lan guztien proiekzioa egon ondoren. Ekitaldia arratsaldeko 18:00etan hasiko da, eta sari banaketa ETBko Urko Aristi aurkezle ezagunak gidatuko du.

Sari ekonomikoez gain, lanen zabalkundea errazteko, TOPAGUNEAk Laburbira Zirkuituan sartuko ditu. Laburbira Film Labur Zirkuituak herriz herri eramaten ditu urtero azken hilabeteotako euskarazko ikus-entzunezko produkzioa, Euskara Elkarteen eskutik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude