Urteko Batzarra egin dugu Iurretan

Euskara elkarteen mugimenduak jarri dituen erronka berriei nola heldu izan dugu eztabaidagai gaur goizean Iurretan (Bizkaia) egin dugun Topagunearen Urteko Batzar Nagusian. Azken urtean egindako gogoeta prozesuaren ondorioak onartu ziren otsailaren bukaeran egindako kongresuan eta, ondorioz, lan-ildo berriak zabaldu zaizkio mugimenduari. Euskal Herriko 96 euskara elkarte batzen dituen federazioak 20.000 euskaldun baino gehiago batzen ditu bere baitan.

DSCN3021

Erronka berrituak

2010 urteko jardueraren balorazioa egiteko baliatu da batzarraren lehen zatia. Balorazio horretan bi ardatz nabarmendu dira: batetik, euskara elkarteen mugimenduak azken urtean egindako gogoeta eta Kongresua gizarte mugimendu honentzat mugarri modura baloratu da. Parte hartze zabalarekin burutu den gogoetak mugimenduaren hurrengo urteetarako norabidea zehazteko baliagarria izan dela azpimarratu da eta 2011n bertan erronka berrituei heldu zaiela azaldu du Jasone Mendizabal zuzendariak. Bestetik, 2010 urtea etorri berriak euskarara hurbiltzeko Auzoko egitasmoari bultzada emateko urtea izan dela azpimarratu eta egitasmoaren balioa nabarmendu da. Izan ere, sei herritan abiatutako egitasmoak herriotako herritar euskaldunak eta herriotara heldu berri diren eta euskara ezagutzen ez dutenen artean harremana sortzeko balio izan duela ikusi da. Hurrengo urtetarako ere egitasmo honi bultzada eta zabalkundea ematen jarraituko du Topaguneak.

2011 ekitaldirako erronkak ere azpimarratu ditu Topaguneko zuzendariak Batzarrean. Mugimenduaren gogoetan landutako lan-ildoei jarraituz, pentsamendua garatzeari eta mugimendu barruan transmisioa lantzeari arreta berezia eskainiko dio federazioak hurrengo hilabeteetan, baita herriz herriko euskara elkarteekin batera lan ildo berriak martxan jartzeari ere.

 

Zuzendaritza Batzordea

Estatutuetan agindutakoari jarraiki, Federazioaren Zuzendaritza Batzordea berritu egin da. Sei zuzendaritzakide berrik hartu dute kargua: Getxoko Egizu elkarteko Rozio Luces, Iruñeako Karrikiri elkarteko bazkide Rosa Ramos, Deustuko Berbaizu elkarteko Nico Cuenca, Laudioko Basalarrina elkarteko Natxo Urkixo, Bergarako Jardun elkarteko Maitane Arizabaleta eta Topaguneko langile den Oskar Zapatak.

Bazkide berriak

 

Zuzendaritzako kide berriei ez ezik, azken urtean Federazioan bazkidetza eskatu duten bi elkarteri ere eman die ongi etorria Batzarrak:

· UKberri (Uribe Kosta eta Erandio)

· Pausumedia elkartea (Behe-bidasoa)

Bazkide berriak kontuan hartuta, guztira 96 elkartek osatzen dute Topagunea.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude