Nafarroako batBIRAlau kultur zirkuituaren laugarren edizioa, larunbatetik aurrera

  • Gose Kalitate eta formatu handiko euskarazko lau ikuskizun eskainiko ditu Nafarroako beste horrenbeste herritan

  • Maiatzaren 21ean hasi eta ekainaren 12an amaituko da

  • Txalo Produkzioak “Baginaren bakarrizketak”, Sorkun, Gose eta Ruper Ordorika izango ditu gonbidatu.

IRUÑEA, 2011/05/18.- Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak batBIRAlau, euskal kulturaren Nafarroako zirkuituaren laugarren edizioa antolatu du. Zirkuitua maiatzaren 21ean hasi eta ekainaren 12an amaituko da, eta formatu zein kalitate handiko lau ikuskizun eramango ditu Leitza, Etxarri Aranatz, Bera eta Agoitzera.

Federazioaren zein bere kide diren Euskara Elkarteen helburu nagusia euskararen erabilera sustatzea da. Horretarako, besteak beste, kulturgintza lantzen dute, kultur sormena eta haren kontsumo aktibo eta gozagarria bultzatuz. Zeregin horretan, gainera, zirkuitua edo batera jardutea hobesten dute bakarkako eskaintzen aurrean. Izan ere, Euskara Elkarteen izaera zein kopurua kontuan hartuta (Nafarroan 16 elkarte dira Topagunearen bazkide), zirkuituek aukera paregabea eskaintzen dute ekimenen eremu geografikoa zabaldu eta jende gehiagorengana iristeko. Horren adibide dira Topaguneak antolatzen dituen Film Laburren Zirkuitua, Irakurri, Gozatu eta Oparitu, Kultur Errota eta hari lotutako formatu txikiko eskualde zirkuituak.

Horien haritik, Nafarroan kalitate handiko euskarazko kultur programazio koordinatua egiteko proposamena da batBIRAlau, aurten laugarrenez gauzatzen dena. Helburu nagusia Nafarroako herri eta eskualdeetako kultur dinamika indartzea eta aberastea du, ikusleen bizi kalitatea hobetuz.

Horretarako, aurreko hiru edizioen bideari jarraiki, kalitate goreneko lau kultur ikuskizunek osatutako ibilbide koordinatu eta erakargarria eskainiko du Nafarroako hainbat zonaldetan. Eskualde bakoitzeko errealitate soziolinguistikoa kontuan hartu eta hainbat ikus entzule mota zein adin talderi zuzendutako kultur eskaintza askotarikoa eta erakargarria antolatu du Topaguneak.

Horrelako proiektu bat aurrera eramateko antolakuntza sendoa bermatzea behar-beharrezkotzat jotzen dute antolatzaileek. Horretarako, ezinbestekoa ez ezik, egitasmoaren helburu nagusienetakoa ere bada, erakunde publiko zein pribatuekin eta gizarte mugimenduarekin elkarlanean aritzea. batBIRAlau izeneko egitasmo hau, horren adibide argia da: euskara elkarteen ekimenez abiatu zen kultur zirkuitu honek, CEDERNA GARALURek emandako bultzadari esker egin du bide eta Leitza, Etxarri Aranatz, Bera eta Agoizko udalek, eta Diario de Noticias zein Berria egunkariek eskainitako babesean aurkitu du aurrera jarraitzeko adorea.

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa 1997an sortu zen, eta Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 93 Euskara Elkartek osatzen dute. Elkarteon zein Federazioaren beraren helburua euskararen erabilera sustatzea da. Horretarako, hainbat esparru lantzen dituzte, hala nola haur eta gazteen aisialdia, kulturgintza, tokiko hedabideak, mintzapraktika, entitateak euskalduntzea eta sentiberatzea.

EGITARAUA

Maiatzaren 21ean, larunbata, 20:00etan, Leitzako Zineman: Txalo produkzioak: “BAGINAREN BAKARRIZKETAK”.

Ekainaren 3an, ostirala, 22:00etan, Etxarri Aranatzeko Kultur Etxean: SORKUNek Emanaldi akustikoa aurkeztuko digu.

Ekainaren 4an, larunbata 22:00etan Berako Kultur Etxean: GOSE

Ekainaren 12an, igandea, 19:00etan, Agoizko Kultur Etxean: RUPER ORDORIKA

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude