Hitzarmena Berriarekin interneteko edukiak trukatzeko

Topagunea - Berria hitzarmenaTopagunea Euskara Elkarteen Federazioak eta Berria Taldeak elkarlan hitzarmena sinatu dute eta, horrenbestez, aurrerantzean sareko edukiak elkarbanatu egingo dituzte. Hala, batetik Topaguneko bazkide diren tokiko hedabideen webguneetako albisteen jarioa automatikoki Berriako webgunean txertatuko da; gainera, erabiltzaileak tokiko informazioa pertsonalizatzeko aukera izango du berria.info-n (alegia, informazio nazionalaz gain zein herri zehatzetako informazioa jaso nahi duen aukeratu ahal izango du). Bestetik, herri informazioa jorratzen duten atariek ere aukera izango dute berria.info-k lantzen duen informazioaren jarioa euren webguneetan txertatzeko.

Euskarazko komunikazio proiektuek bizi duten egoera ez da batere samurra, finantza krisiak eta prentsaren eredu krisiak bat egin dutelako. Hori horrela izanik, Topaguneak eta Berria Taldeak inoiz baino beharrezkoago ikusten dute elkarlana eta elkarrekintza. Bi komunikazio taldeen aldetik sortzen den informazioa irakurleei modu eraginkorragoan eskaintzeko bidea ikusi da ekimen honen bidez, eta lankidetzarako aukera aprobetxatu da. Tokiko informazioa lehen ere tokikom.com helbidean bateratzen du Topaguneak, eta honoko pauso honekin zabalkunde handiagoa eman nahi zaio herrietako informazio horri. Hala, elkarren informazio eskaintza osatuz, Berria.infok Topaguneko bazkide diren tokiko hedabideen zein herrikako Hitza.info-en jarioa jasoko du bere azalean, eta tokikom.com-ek Berriaren titular nagusiak eskainiko ditu tokiko informazioarekin batera.

Sinatutako hitzarmenaren bidez, jarioan jasotako edukia euren papereko argitalpenetan argitaratzeko eskubidea ere aitortzen diote elkarri sinatzaileek, betiere iturria ondo azpimarratuta.

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude