Euskarazko bederatzi ikus-entzunezko eta haien sortzaileak herriz herri, LABURBIRAren eskutik

Laburbira 2011 - Aurkezpena Donostian

· Film labur zirkuituaren 8. edizioak 27 emanaldi eskainiko ditu martxoaren 15etik apirilaren 16ra bitartean.

· Ikusleek ikus-entzunezkoen egileekin solasteko aukera ere izango dute.

· Egile berrien aldeko apustua egin da, KAMERATOIAn sortutako lanei tarte berezia eskainiz.

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak LABURBIRAren zortzigarren edizioa aurkeztu du gaur Donostian. Euskarazko ikus-entzunezko urteko produkzioa ezagutarazi eta herrietako kultur eskaintza aberasteko helburua duen zirkuitua urtero antolatzen du TOPAGUNEAk, herriz herriko Euskara Elkarteekin lankidetzan.

Bederatzi ikus-entzunezko

LABURBIRAren zortzigarren edizioak 27 emanaldi eskainiko ditu: 26 Euskal Herriko herri eta hirietan izango dira, eta bestea Londresen, bertako Euskal Etxea edo Basque Society delakoaren eskutik.

Emanaldi bakoitzean bederatzi ikus-entzunezko eskainiko dira, 2009 eta 2010ean ekoitzitakoak. Aurreko edizioetan bezala, honetan ere ahalegina egin da ibilbide luzeko egileak eta egile berriak kontuan hartzeko. Hala, Asier Altuna eta Angel Aldarondo bezalako zuzendari ezagunen lanak ikusi ahal izango dira, baina baita oraindik hain ezagunak ez diren Kepa Errasti, Jon Artola, Saio Aizpurua “Txintetilla”, Aitor Artola, Irune Gurtubai eta Ibai Vigil-Escalera, zuzendarienak ere.

Egile aritu zein berrientzako plaza

Gainera, aurreko edizioetan bezalaxe, 2010eko udazkenean Ermuan egin zen Kameratoian sortutako lanetako batzuk ere erakutsiko dira. Kameratoia Topaguneak antolatzen duen Ikus-entzunezko Rallya da; gazteei zuzendutako lehiaketa horretan, lehiakideek lau eguneko epea dute 5 eta 10 minutu bitarteko film labur baten ideia idatzi, irudiak grabatu eta edizioa egiteko, beti ere antolakuntzak emandako gaia eta herriko hainbat ezaugarri edo lokalizazio kontuan hartuz.

Bestela ere, askotariko aukera egiteko arreta berezia jarri da, eta horrela, formatu, estilo eta izaera oso ezberdineko piezek osatzen dute emanaldia: umorezko laburrak, serioagoak, irudi errealekoak… Filmen sinopsiak eta emanaldi egutegia beheko esku-orrian topa dezakezue, baita interneten ere.

Sortzaileak eta ikusleak, elkarrekin solasean

Egile zein ikus-entzuleentzat, LABURBIRA paregabeko aukera da euskarazko produkzioa ezagutarazteko, eskaintza herri askotara zabalduz. Herriotako asko txikiak izanik, gutxitan izaten dute zinema bertan eskaintzeko aukera.

Gainera, egileak eta ikusleak elkarrengana hurbiltzeko asmoz, saio gehienetan solasaldia egingo da egileekin, proiekzioaren ondoren. Batzuek zein besteek biziki eskertzen dute zuzeneko iritzi-trukerako aukera hori, normalean oso aberasgarria suertatzen da eta.

Egitasmo honek Eusko Jaurlaritzaren zein Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien babesa du, eta Euskadiko Filmotekaren, BERRIAren eta KORRIKA kulturalen laguntza. Izan ere, emanaldietako batzuk Korrika Kulturalaren programazioan sartzen dira, eta beste batzuetan herriz herri antolatzen diren Korrika batzordeek parte hartzen dute antolatzaile gisa.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude