Euskaraz bizitzeko haututik eragiletzan sakontzea erabaki du Euskaldunon Elkarteen Mugimenduak

  • XXI. mendeko Euskaldunon Elkarteen mugimenduaren Kongresuak 200 lagun bildu ditu gaur Bilbon

  • Topaguneak antolatutako bilkuran, gizarte mugimenduak euskararen biziberritzean egiten duen funtsezko ekarpena aldarrikatu dute

BILBO, 2011/02/26.- Topaguneak eta Euskaldunon Elkarteen mugimendua osatzen duten 96 elkarteek, euskaraz bizitzeko hautua egin duten euskaldunen bilgune antolatu modura eragiten jarraitzeko konpromisoa berretsi dute gaur, Bilboko Alhondegian ospatu duten “XXI. mendeko Euskaldunon Elkarteen Mugimenduaren Kongresuan”. Azken hilabeteak gogoeta prozesu parte-hartzaile batean murgilduta eman ostean, “XXI. mendeko euskaldunon elkarteen mugimenduaren oinarriparrak” txostena onartu dute, urtebeteko prozesuan
bilkura nagusia izan den Kongresuan. Topaguneko lehendakari Karmen Irizarrek eta zuzendari Jasone Mendizabalek aurkeztu dituzte prozesuaren eta Kongresuaren xehetasun eta ondorioak.

Bozketa

Euskaldunon elkarteak, gizarte mugimendu autoeratu eta eragilea

Bilkuran, euskaldunon gizarte mugimendu antolatuak euskararen eta euskaldun hiztunen komunitatearen garapenean bete duen funtzioa azpimarratu dute eta, etorkizunean
ere, hizkuntzaren biziberritzea gizarte mugimenduaren eskutik gauzatu ahal izango dela ekarri dute gogora. Euskaldunon elkarteek, herriz herri, Euskal Herri osoan, gizarte mugimendu
horren ordezkaritza izan dute, eta hurrengo urteotarako euskaldunon bilgune izaten jarraitzeko apustua egin dute. Horretarako, gizarte mugimenduak botere gune politiko, ekonomiko eta sozialetan eragiteko duten konpromisoa bere egin du euskaldunon elkarteen mugimenduak.

Izan ere, mende laurdena baino gehiago pasa da lehen Euskara Elkartea sortu zenetik. 1983 urtetik aurrera herriz herri euskaraz bizitzeko hautua egin zuten hainbat euskaltzaleren ekimenez sortutako gizarte mugimendu hau, euskaldunon bilgune izateko eta euskaldunon komunitatea trinkotzeko bokazioarekin sortu zen. Orduko amets eta beharrek bere horretan jarraitzen dute eta euskaldunon elkarteen funtzioek ere badiraute. Urteotan egindako lanari esker, mugimendu honek 20.000 bazkide kuotadunetik gora, 450 langile eta 1.400 boluntario bildu ditu; herriz herri, eskualdez eskualde, euskaldunon bilgune autoeratuak antolatuz eta milaka egitasmo martxan jartzen dituztenak.

Asko dira urteotan euskaldunon elkarteek landu dituzten arloak eta sortu dituzten egitasmoak. Bereziki azpimarratzekoak dira euskarazko toki hedabideak, kultur dinamika aberats eta zabala, aisialdiko eskaintza oparoa (nagusiki haur eta gazteei zuzendutakoa) eta mintzapraktika egitasmoak, sentsibilizazio arloko egitasmoak eta entitateak euskalduntzekoak ahaztu gabe.

Karmen Irizar

 

Euskaldunontzako arnasguneak

Euskaraz bizitzeko aukerak eta baldintzak sortzeko bidean euskaldunok behar dituzten arnasguneak antolatzea eta zaintzea lehentasunezko helburutzat jarri dute euskaldunon elkarteek beren hausnarketan. Izan ere, euskaldungoak euskaraz bizitzeko baldintzak izan ditzan, euskararentzat espazio eta funtzio hegemonikoak behar direla iritzi diote mugimenduko kideek eta euskaldunon elkarteek horiek sustatzen jarriko dute indarra hurrengo urteetan ere. Ez da funtzio berria mugimenduarentzat, baina sakondu egin nahi dute arlo horretan ere.

Erdaldunekin harremanean sakondu

Euskaldunon elkarteetatik euskaraz ez dakitenekin batera ekimen berriak martxan jartzeko beharra azpimarratu dute. Lehenik eta behin euskaraz ez dakiten horrenbeste herritarren ahalegina aitortu da, beraien sostenguari esker euskalgintzako hainbat proiektuk bidea egin ahal izan dutelako eta beste hainbat modutara etengabeko ekarpena egiten diotelako euskarari. Elkarren premiatik eta aitortzatik abiatu nahi dira harreman honetan sakontzeko lan ildo berriak.

Jakintzan oinarritutako hizkuntza politika

Eragite lanari dagokionez, Topaguneko ordezkariek bereziki azpimarratu dute hizkuntzaren biziberritzean jakintzak eta ezagutzak duten garrantzia. Hizkuntza politika ezagutza soziolinguistikoan oinarritu behar dela aldarrikatu dute eta ezagutza horien baitako adostasun soziala eta politikoa landu beharra azaldu dute.

Izan ere, mugimenduaren barruan ezagutzaren transmisioan sakondu beharra izan da euskaldunon elkarteen hausnarketa prozesuak eman duen beste emaitzetako bat.

 

Kongresua

Euskaldunon Elkarteen mugimenduan mugarria

Urtebeteko prozesuaren ondoren heldu da gaur Bilbon egin den bilkura. Mende laurdeneko lanaren balorazioa eta etorkizuneko lan-ildoak markatzeko balio izan duen prozesua mugarri izango da gizarte mugimendu honen ibilbidean.

2010eko urtarrilean Durangon jardunaldi batzuekin hasitakoak, fase ezberdinak bizi izan ditu urtean zehar. Euskara elkarteen inguruko 15 aditu eta arituk osatutako batzordeak osatu du oinarrizko ponentziaren proposamena eta hurrengo hilabeteetan Topaguneko bazkide diren euskara elkarte guztietara zabaldu da hausnarketa. Hilabeteotan 250 lagunetik gora aritu dira hausnarketan, gaurko saiora heldu arte. Bilboko bilkura, 200 lagun batu dituena, prozesu honen baitan egindako bilkurarik jendetsuena izan da.

Gogoeta jaiarekin uztartzeko topaketa izan da gaurkoa; etorkizunerako oinarri eta lan-ildoak adosteaz gain, mugimenduaren ospakizun handia egiteko baliatu da eguna. Horretarako, Bilboko Kafe Antzokian bilduko dira Bilbora hurbildutakoak, eguerditik hasita, eta arratsalde partean luzatuko den jaian. Arratsaldeko saioan euskaldunon elkarteen bueltan ari diren hainbat kultur sortzaile bilduko dira. Bertan izango dira, besteak beste, Udane Goikoetxea, Igone Amesti, Eneko Barberena, Jon Gurrutxaga, Manex Agirre, Gilkitxaro antzerki taldea, Asier Serrano, Patxi Zubizarreta, Kristina Mardaras, Mikel Urbeltz, Rafa Rueda eta Porrotx.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude