TOTOAN eta Itzarriko liburuak, Durangoko Azokako salduenetarikoen artean

TOTOAN Txorierriko Euskara Elkarteen Federazioak eta Itzarri aholkularitza enpresak liburu bi aurkeztu dituzte Durangoko Azokan: Futbola, oinarritik euskaraz eta Benjamin eta aurre-benjaminen futbol entrenamenduaren urteko plangintza. Bigarren liburuan Kirolplaning enpresak ere hartu du parte.

Lanek futbolean euskara bultzatzea dute helburu, eta Bizkaiko Foru Aldundiak eta Txorierriko Mankomunitateak babestu dituzte. Liburuen aurkezpena abenduaren 3an egin zen Landako elkartegian. Bertan hauek hartu zuten parte: Xabier Goienetxe, TOTOANeko presidentea; Koikili Lertxundi, Athleticeko jokalaria eta Itzarriko ordezkaria; Mikel Aranburu, Errealeko kapitaina; eta Asier Landa, Kirolplaning enpresaren ordezkaria eta bigarren liburuaren egileetariko bat.

TOTOAN, Itzarri eta Kirolplaning-eko ordezkariak pozik azaldu dira liburuek izan duten oihartzun eta harrera onarekin. Izan ere, ikusmin handia sortu dute bisitarien artean eta biak Azokako libururik salduenetarikoen artean egon dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude