GAZTEZULO Bideo Lehiaketa Festa ostiralean DOKAn

GAZTEZULOk abenduaren 3an –ostirala, Euskararen Nazioarteko Eguna– Donostiako DOKA Kafe Antzokian antolatuko duen festak Hi eta Hire Munduak Bideo Lehiaketaren sari-banaketa izango du ardatz.

Ekimenaren lehen edizioa da, eta, GAZTEZULOk bidalitako oharrean kontatzen duenez, “orotara 43 bideo labur jaso ditugu, gehienak talde-lanak gainera. Jon Garaño, Jose Mari Goenaga eta Koldo Almandoz zinema zuzendariek eta Egoitz Lasa eta Aitziber Garmendia aktoreek osatu dute epaimahaia”.

Sarrera doakoa da eta hona hemen egitaraua:

22:15. Saritutako bideoak pantailaratuko ditugu

22:45. Sariak banatuko ditugu. Bideo onenaren egileak 1.500 euroko diru saria jasoko du. Bestalde, Donostiako Euskararen Udal Patronatuak ikus-entzunezko materiala erosteko 1.000 euroko txartela emango dio Donostian bizi edo ikasten duten parte hartzaileetan onenari. Azkenik, GAZTEZULO.COM-EN boto gehien jaso duenarentzat Ikusleen Sari sorpresa ere izango dugu.

23:00. Ander Lipusen Hala mintzatu zen Zappatrusta antzezlana.

00:00. Dj Bullek musika jarriko du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude