Azaroaren 26an hasiko da Udagoieneko Osteraren hamaikagarren edizioa

Udagoieneko Ostera 2010 - Kartela Urtero-urtero Bizkaiko antzoki handietara euskarazko kultur produkzioa hurbiltzen duen Udagoieneko Ostera kultur zirkuituak bere hamaikagarren ekitaldiari ekingo dio barikuan, azaroaren 26an. Zirkuitua Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak antolatzen du, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta BBKren laguntzaz.

Aurkezpenean Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Diputatu Josune Ariztondok, BBK Fundazioko Gorka Martinezek eta Topagunea Euskara Elkarteen Federazioko Jasone Mendizabal eta Manuel Morenok parte hartu dute.

Sei emanaldik osatuko dute hamaikagarren Udagoieneko Ostera, Bizkaiko beste horrenbeste herritan: Galdakao, Mungia, Muskiz, Bilbo, Durango, Zalla, horiexek izango dira Udagoieneko Osteraren formatu handiko kultur eskaintzak hartuko dituzten herriak. Oso herri ezberdinak dira tamainaren zein egoera soziolinguistikoaren ikuspegitik, baina ekimenak erakutsi nahi du guztietan ere egin daitekeela euskarazko kultur eskaintza erakargarria.

Azken finean, aisialdia euskaraz gozatzeko aukera eskaini nahi du Udagoieneko Osterak, eta hori lortzeko, derrigorra da kalitateko eskaintza erakargarria egitea. “Euskararen erabileran eragiteko, funtsezkoa da hizkuntza gozamenarekin, lotzea, eta horretarako oso eraginkorrak dira Ostera bezalako zirkuituak”,  zirkuitu egonkor hau “euskaldun zein euskaltzaleak koloreztatzen dituen xirimiri anitz eta kalitatezkoa” dela azaldu du Topagunearen Zuzendariak, Jasone Mendizabalek. Kulturgintza eta euskara bat datozela, elkar elikatzen duela gaineratu du.

Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Diputatuak, Josune Ariztondok, Osteraren programazioaren izaera askotarikoa azpimarratu du, baita ekimen honek duen izaera estrategikoa ere: “Kalitate handiko ikuskizunen bitartez bizkaitarrei urtero gozamenerako eskaintza euskaldun zabal eta erakargarria luzatzen diegu”. BBK-ko ordezkariaren esanetan, Gorka Martínez, “ekimen hauei esker euskararen normalizazio bidean asko aurreratu izan da”.

Topagunearen Kulturgintza Saileko teknikariak, Manuel Morenok, eskaintza azaltzearekin batera programazioaren izaera anitza, bizkaitarra azpimarratu du, baita hartzailearen beharrak asetzen saiatzen den programazioa sortzeko ahalegina egiten dela ere. Azkenik, Topaguneak gazteei zuzendutako aisialdi eskaintza programatzeko berebiziko ahalegina egiten duela nabarmendu du.

Guztira, hamabi musika eta antzerki talde jarriko ditu dantzan kultur zirkuituak: Aukeran Dantza Konpainia, Oskorri, Gorringo taldearen Xabinaitor ikuskizuna, Gatibu Seiurte eta Split 77, Ken Zazpi izango dira taula gainean.

Aurtengo programazioan lau lan berriren aurkezpenak izango dira Oskorrik bere proiektu berria aurkeztuko du (Oskorri eta Baztango Dantzariak elkarrekin); Gatibuk bere disko berria taularatuko du, Split 77k ere Durangoko Plateruena Kafe Antzokia lan berria dakar, baita Ken Zazpik ere (Hortzemugak Begietan)

Udagoieneko Osteraren programazioa ostiralean, azaroak 26,  hasiko da Galdakaon,  eta abenduaren 30ean bukatuko da Zallan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude