Arabako Euskaldunon Elkarguneen Topaketak

Mintzalaguna egitasmoak eta Kultura jarduerak dira ARABAKO EUSKALDUNON ELKARGUNEEN TOPAKETAK abiatzeko aukeratu diren gaiak. Amaiera,  Haur eta gaztetxoen aisialdia eta Euskaldunon elkarguneak aztertuz emango zaie topaketoi.

 Topaketak, azaroaren 13 eta 20an izango dira, biak larunbata, goizeko 10:00etatik eguerdiko 14:00ak bitartean, Gasteizko Artium-en.

 Mintzalaguna egitasmoei eskainitako tartean, Getxoko Berbalaguna atala duen Getxoko “Sareak Josiz” egitasmoaren nondik norakoak azalduko dizkigu bertako kide den Rozio Luzesek. Horren ondoren, Araban, arlo horretan ari diren hiru esperientzia ezberdinen berri izango dugu; Gasteiz, Zuia Kuadrilla eta Barrundia Udalerriko mintzalagunak . Hiru horiek, bakoitza bere eremura egokituta, euskara gehiago erabili eta harreman sare euskalduna handitzeko aukera ederrak  ematen dizkiete bertako euskaldunei.

Kultura jarduerak aztertzeko garaia iritsiko da gero. Nolakoa izan behar du euskararen erabilera bultzatu nahi duen kultur dinamikak? Zein dira horretarako gakoak? “Kalea, auzolana eta bizipoza” proposatuko  digute Igor Elortzak eta Gotzon Barandiaranek, eta horiek uztartzeko moduaz pentsaraziko. Horren ondoren, Araban, kultur arloan izandako bi esperientzia interesgarriren berri izango dugu. Alde batetik, Arabako “Kuadrilla arteko bertso txapelketa”rena, Arabako Bertsozale Elkartearen eskutik, eta bestetik, Laudioko “ Kantuzaleen txokoa”rena, bertako Basalarrina euskara elkartearen kideek azalduta.

 

Topaketek, hurrengo larunbatean, hilak 20, jarraituko dute. Goizaren lehen partean , haur eta gaztetxoen aisialdia “ Hamaika arrazoi eta milaka aukera” dituen arlo gisa azalduko digute Sonia Perez eta Nagore Amondarainek. Horren ostean, eremu horretako Arabako esperientziak ezagutuko ditugu. Merezitako atsedenaldiaren ondoren, Iñaki Martinez de Luna eta Iñaki Arrutik, “Sentitu eta egin. Nahia eta ekimena” azalpenean euskaldun kontziente eta motibatuen elkarguneen funtzio eta garrantziaz hitz egingo dute  

 

Topaketak irekiak eta doakoak izango dira, baina, parte hartzea, aurretik jakinaraztea eskertuko litzateke, horretarako araba@topagunea.org helbidera idatziz. Hori egitean, doako ludoteka zerbitzuan lekua erreserbatzeko aukera dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude