2010. urteko Larreko Saria, Topaguneak gidatzen duen Iruñerriko Mintzakide egitasmoari

“Norberak ez duena egiten ez du inork egingo”. Adierazpena Euskalerria Irratiko presidentea den Mikel Bujandarena da eta Larreko Sariaren emateari erreparatzen dio. Izan ere, Nafarroako Gobernua sarien inflaziotik gertu dabilen arren, euskararen garapena saritzeko orduan erakunde honetako ordezkarien argazkien urritasuna erabatekoa da. Horren aitzinean sortu zen, hain zuzen ere, Larreko Saria emateko ekimena, euskararen alde egindako lana saritzeko. Aurten Mintzakide egitasmoari egokituko zaio sari hau jasotzea asteartean Berriozarren izanen den ekitaldi batean.

Euskalerria Irratia Elkarteak ematen duen sari honek Fermin Irigarai Larreko mediku euskaltzalea omentzen du. Bere helburua euskara sustatzen duten pertsonak, kolektiboak edo ekimenak saritzea da, eta azken 15 urteotan Iñaki Perurena, Jorge Cortés Izal, Joxemiel Bidador, Irulegi Irratia edota Zaldiko Maldiko elkartea saritu izan dituzte. Aurten, azken boladan sona handia izaten ari den Mintzakide ekimena izanen da saritua, euskaraz komunikatzeko aukerak suspertzeko egiten duen lanagatik.

Iniziatiba honek hizkuntza menperatzen duten euskaldunak ikasten ari direnekin batzen ditu, euskararen erabilera sustatzen duten talde txikiak osatuz. Ekimenaren Nafarroako arduraduna den Eneko Andunagak esan zuenez, euskaraz komunikatzeko eta gozatzeko guneak eskaintzen ditu: “Euskara gozatzearekin lotzen dugu komunikazioa ahalbidetuz, jendea berdin berdin joan daiteke mendira, kultur emanaldi batera edo kafetxo bat hartzera. Eusko Jaurlaritzak eginiko ikerketak argi utzi zuen jendeak bizipen positiboekin lotzen duela eta gehiago erabiltzen dutela euskara”.

Iniziatiba hau Nafarroan 2004ko ekainean jaio zen eta, harrezkero, bere partaide kopurua hirukoiztu egin du. Aurten 300 nafar arituko dira Mintzakiden. Hala ere, programa hau dinamizatzeko baliabide ekonomikoak urriak dira, Nafarroa ko Gobernuaren babes eza dela-eta.

Sari-ematea Berriozarko musika eskolan izanen da datorren asteartean, arratsaldeko 19.30etatik aitzinera. Han Euskalerria Irratiak magazine bat antolatuko du zeinetan, besteak beste, La Betty Travan talde ultzamarra egonen den. Azkenik, Mintzakidetik gogoratu zuten izena ematerik badagoela oraindik ere mintzakide bezala aritzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude