GAZTEZULOk 10 urte

Gaztezulo FestaGAZTEZULO Euskal Herriko gazteentzako euskarazko hilabetekariak hamar urte bete ditu eta, ospatzeko, hainbat ekimen jarri ditu martxan:

  • Zenbaki berezia urrian, hamargarren urteurrena ospatzeko: Ohi baino mardulagoa da orrialde kopuruari dagokionean, eta aurpegi ezagun askorekin. Besteak beste, Bebe musikaria, eta Marta Etura elkarrizketatu dituzte. Horretaz gain, 11 idazlek eta beste 11 marrazkilarik 2000tik 2010era bitarteko urte banari buruzko testua eta ilustrazioa egin dute. Hala, aldizkaria sortu zenetik hona Euskal Herrian eta baita mundu zabalean ere jazotako gertaera garrantzitsuenetako batzuei erreparatu diete idazleek –Harkaitz Cano, Irati Jimenez, Eider Rodriguez, Toti Mtnez. De Lezea…– eta marrazkilariek –Asisko Urmeneta, Myriam Cameros, Elena Odriozola, Zaldi Eroa…–, atzera begirako moduko bat osatuz.
  • Urriaren 15ean FESTA Bilboko Kafe Antzokian: Sarrera doakoa izango da noski, eta hurbiltzen denak Esne Beltza taldearen kontzertuarekin eta Egoitz Lasa aktorearen umorearekin gozatzeko aukera izango du. Bestalde, opari bereziak prest dituzte ospakizunera hurbiltzen direnen artean banatzeko.
  • GAZTEZULO SARIA banatuko dugu: Azken hamar urteotako ibilbideari erreparatuta zein euskal gaztek merezi ote duen I. GAZTEZULO SARIA galdegin zieten GAZTEZULOkoek orain hilabete batzuk irakurleei. Denbora honetan guztian makina bat hautagairen izenak eta beste horrenbeste bozka jaso dituzte, trukean opariak zozkatuz. Batez ere, Maialen Lujanbio bertsolari hernaniarraren eta Gorka Urbizu Lekunberriko musikariaren artean lehia estua izan da, eta azkenean, Gorka Urbizuk jaso ditu boto gehien eta berarentzat da I. GAZTEZULO SARIA.
  • Hi eta hire munduak’ bideo lehiaketa: Euskal Herri osoko gazteei zuzenduriko bideo laburren lehiaketa da. Gaia aldizkariaren goiburua bera da: Hi eta hire munduak. Lehiaketaren oinarriak eta prozedimendua www.gaztezulo.com webgunean daude irakurgai.

Bestalde, ezin aipatu gabe utzi aurrerantzean eta gure irakurleek hala eskatuta kirolek tarte zabalagoa izango dutela geurean. Atal berria estreinatzeko, Kilian Jornet mendi lasterkari kataluniarrarekin mintzatu gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude