Euskara Elkarteei omenaldia Nafarroa Oinezen

Joan den igandean Atarrabian egin zen Nafarroa Oinezen Topagunea eta Euskara Elkarteen Mugimendua omendu zuten. Ekitaldian, Nafarroako Topagunearen arduraduna, Oskar Zapata, eta Federazioaren presidentea, Karmen Irizar izan ziren. Hona Oskarrek bertan irakurri zuen mezua.

 

Omenaldiko une bat

Oskar Zapata, Nafarroako Topagunearen arduraduna, mezua irakurtzen. Argazkia: Nafarroa Oinez.

 

Topagunetik biziki eskertu nahi diogu, Nafarroa Oinezeko jendeari gure mugimenduarekin gogoratzea. Ohore handia da, oso handia. Noren eskutik eta Ikastolen mugimendutik, Euskal Herrian hainbat arlotan aitzindari eta eredu izan zareten horiengandik.

Ikastolen elkartearen, bolumen eta ibilbidearekin konparatu ahal izateko tartetxo bat geratzen zaigun arren, atseginez esan dezakegu zuekin hurbiltasun handia sentizen dugula Topagunekook. Eta horrela islatu da orain arte izan dugun harremanetan, sinergiak daudela argiki ikusten da eta elkarlanean aritzeko aukera ugari ditugula agerian dago. Etorriko dira aukerak , bidelagunak gara euskararen berreskuratze bidean eta.

Euskaraz bizi nahi dugunon gizarte mugimendu autoeratua osatzea izan dugu xede azken 25 urteotan euskara elkarteen mugimenduan.

  • Herritarren ahalegin eta sostengutik sortutako mugimendua da gurea (20.000 bazkide dituena), euskal hiztunon bizi-nahia gauzatzeko lanean ari dena.
  • Gure herrian euskaraz bizitzeko baldintzak sortu nahi ditugu, beste eragile eta erakundeetan eraginez eta euskaraz bizitzeko gune eta uneak sortuz.
  • Euskara ardatz izanik, elkarlanean aritzeko bokazioa duen mugimendua da gurea
  • Herriz herri antolatutako mugimendua da euskara elkarteona, tokian tokiko euskara elkarteek sortu dute nazio mailako gizarte mugimendua.

Oso momentu berezian heldu zaio Nafarroa Oinezen errekonozimendua Topaguneari eta Euskara Elkarteen Mugimenduari.

  • Noiz eta… mende laurdeneko lanak erakutsitako bidetik hurrengo hamarkadetako oinarriparrak aztertzen ari garen momentuan
  • Non eta… Nafarroan, traba guztien gainetik, euskaraz bizitzeko nahiak gainezka egin duen urtean
  • Noiz eta… Euskaldun eta euskaltzaleak ber-ilusionatzeko gogoa agerikoa denean
  • Non eta… Atarrabian, Nafarroako elkarteen ikurretako bat den Karrikaluze euskara elkartearen eremuan

Horregatik guztiagatik, eskerrak eman nahi dizkizuegu berriro zuei eta saria Topagunea eta Euskara Elkarteen Mugimendua, herriz herri, auzoz auzo posible egin dugun lagun guztiona dela gogoratu. Euskaldungoa antolatzen jarrai dadin deia egin nahi dugu bukatzeko, bizi-nahiak batzen gaitu eta bizi-nahiak emango dizkigu euskaraz biziko den gizartea antolatzeko tresnak gerora ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude