Lankidetza hitzarmena sinatu dute Topaguneak eta Eusko Jaurlaritzak

Mintzapraktika egitasmoak sustatzeko 2010 urteko Bidaide egitasmoa aurrera eramateko hitzarmena sinatu dute Topaguneak eta Eusko Jaurlaritzak. Gaur goizean sinatu dute Topaguneak Bilbon duen egoitzan Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendariak eta Lurdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak hitzarmena. Bosgarren urtez sinatu den hitzarmena da hau eta aurtengoan 70.000 euroko diru-laguntza jasoko du Topaguneak egitasmoak jasotzen dituen eginkizun guztiak betetzeko.

Sinadura ekitaldian Jasone Mendizabalek Mintzapraktika egitasmoek azken bost urteotan izan duten bilakaera azpimarratu du eta bilakaera horretan hainbat faktorek eragin nabarmena izan dutela azaldu du. Bereziki azpimarratu ditu herriz-herri mintzapraktika proiektuetan parte hartzeko erabakia hartu duten lagunak, beraien euskaraz bizitzeko nahiak eraman baititu euskaraz aritzeko guneak sortzera. Era berean herriz herri lanean ari diren euskara elkarte, euskaltegi eta bestelako eragileen lana ere azpimarratu du Mendizabalek. Egitasmoak kuantitatiboki hazi egin direla nabarmena da eta, horrekin batera, kalitate eta eragin aldetik ere emaitza onak ematen dituztela azaldu du Jasonek, azken hilabeteetan egin diren ikerketek erakutsi izan duten modura.

Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, berriz, Topagunearekin sinatutako akordioa Kultura Sailak markatu duen estrategiaren baitan kokatzen dela azpimarratu du: “Gure helburua da ahalik eta elkarte gehienekin akordioak sinatzea elkarlanean sinisten dugulako eta beharrezko ikusten dugulako guztiok norabide berean aritzea indarrak alferrik xahutu gabe”. Era berean, Auzmendiren iritziz, diruz lagunduko den Mintzalagunaren egitasmoa jardunbide benetan interesgarria da eta proiektua zabaltzeko bidea egin nahi du Eusko Jaurlaritzak saioak indartuz: “Euskara bizitzako gune eta egoera guztietara zabaldu nahi dugu, hau da, ikasketa eta euskalduntze prozesuetatik haratago eraman, gizartera hedatu. Hori lortzeko bidean hondar ale bat gehiago da gaur Topagunearekin firmatu dugun hitzarmena”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude