Euskaraz bizi nahi dut aldarrikapenarekin jarraituz, euskara ikasteko deia egin du Kontseiluak

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak kanpaina berri aurkeztu du gaur, helduak euskara ikastera animatzeko helburua duena. Jarraian doaz Kontseiluak kanpainaren berri emateko prestatu dituen oharra eta bideoa.

Maiatzaren 15ean Kontseiluaren eskutik milaka euskaltzale atera zen kalera Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea dugula aldarrikatzera. Nafar Gobernuari indarrean duen hizkuntza-politika aldatu eta hizkuntza-eskubideak eta ondorioz, giza-eskubideak bermatzea ahalbidetuko duen beste politika bat abian jartzeko eskatzera atera ginen, euskarak Nafarroa osoan ofiziala izan behar duela esatera, normalizaziorako estatus egokia ezinbestekoa dela esatera atera ginen. Gobernuak bere aldetik, segitzen du entzungor egiten, segitzen du bere politika suntsitzailearekin. Ez gaitu ustekabean harrapatzen, espero genuen.

Irtenbidea, hizkuntza-politikaren aldaketa alegia, ez da etorriko UPNren Gobernuak gure deia entzun duelako, giltza herritarrok dugu. Euskaraz bizi nahi dugula adieraziz eta ideia horrekin gau eta egun kontsekuente izanez, egiten diogu lekua hizkuntzari gure egunerokotasunean, hor egiten da euskararen alde, gure espazioetan, gure jendearekin, gure ingurune hurbilean. Beraz, mezu hori igorri
nahi diogu nafar gizarteari: Euskararen etorkizuna gure esku dago eta euskaraz bizi nahi dugula etengabe adieraziz egingo diogu gure hizkuntzari behar duen lekua. Euskaraz nonahi eta noiznahi egin ahal izateko ez dakitenek, ikasi beharra dute, euskaraz bizi nahi dugunontzat oztopo izan ez daitezen, gaztelaniaz edo frantsesez egitera behartu ez gaitzaten, alegia.

Maiatzean elkarrekin, indarrak batuz arituko ginela adierazi genuen eta maiatzaren 15eko manifestazioak segida izango zuela iragarri. Hemen gaude, berriro ere, bat eginda eskubideen aldeko defentsan. Ideia bera, baina bide desberdinekin.

Euskararen normalizazioaren bidean helduok dugun zeregina oso garrantzitsua dela uste dugu. Gu gara belaunaldi berrietarako eredua, gu gara gure portaerarekin gauzak modu batez edo bestez izan daitezen eragiten dutenak. Gure jardunak ez bakarrik gure belaunaldia, datozen belaunaldiak ere modelatzeko gaitasuna du. Horregatik guztiagatik da garrantzitsua helduek euskara ikastea. Euskaltegiek ehunka irakasle prestu eta prestatu dituzte euskara kalitatez eta eraginkortasunez erakusteko, euskalduna izatea oso helburu lorgarria dela frogatzeko. Orain, euskaltegia dagokigu, orain euskaltegien garaia da. Hizkuntza eskubideen bermea gure erabakien baitakoa ere badelako dei egin nahi diegu herritarrei euskaltegietara joateko eta euskara lehenbailehen ikasteko.

Zeregin horrekin, manifestazioaren iragartze lanetan egin bezala, oraingoan ere, spot bat prestatu dugu jendea animatzeko. Jakinarazi nahi diegu euskara ikastea ez dela ona guretzat bakarrik, euskara ikasten badugu jende askok eskertuko digu, bereziki gure inguru hurbilekoek. Ikasi euskara zuregatik, zure ingurukoengatik. Bidaia kolektibo baten partaide sentitzea baino gauza handiagorik ez dago.

Ikasi euskara, eskertuko dizute from Euskararen Kontseilua on Vimeo.

Bestalde, ezin dugu aukera pasatzen utzi beste gai bat aipatu gabe. Izan ere, euskara ikastea eta oro har, euskararen normalizazioa lan kolektiboa da, non den -denok dugun zeregin bat. Zentzu horretan, ikasten ari direnei laguntzeko prest dauden herritarrak aipatu nahiko genituzke hemen. Mintzalagunek egiten duten ekarpena txalogarria iruditzen zaigu eta euskaldunak animatu nahiko genituzke ikasten ari direnei laguntzeko, prozesuaren izaera kolektiboa denon artean elikatuz.

Bat eginda gaude, bat eginda segituko dugu harik eta hizkuntza-eskubideen bermea ekarriko duen hizkuntza-politika berria indarrean jarri arte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude