Bost euro 'BARREN'en alde

Elgoibarko Izarra Kultur Elkarteak argitaratzen duen  BARREN astekariak proiektuari eusteko 15.000 euro behar ditu, eta diru horretarako herritarren laguntza eskatzea erabaki du.

Klik haundi ikusteko

Hala, Ni ere banaiz BARREN kanpainaren barruan, elkartasun erretratua egiteko deialdia egin dute irailaren 17rako, Kultur Etxe aurrean, 19:00etan. Era berean bost euroko bono-laguntzak erosteko aukera ere zabaldu dute. Bono horiek BARRENen erredakzioan (Nafarroa enparantza, 2) edo Elgoibarko Izarraren egoitzan (Ubitarte, 4, behea) erosi eta telefonoz ere eska daitezke, 943 741 626. telefonora deituta. Hona BARRENeko lagunek bidalitako informazioa

Hemezortzi urte dira Elgoibarko Izarra Kultur Elkarteak euskara hutseko astekaria sortu zuenetik, eta gaur, argitalpenik irakurriena da elgoibartarren eta mendaroarren artean. Euskararen normalizaziorako tresna eraginkorra izan zitekeela jakinda, astekaria doan banatzea erabaki zuten sortzaileek, euskara ahalik eta etxe gehienetara eramateko. Eta berdin segitu nahiko genuke aurrerantzean ere, irakurleen % 64k ordaintzeko prest daudela dioten arren.

  • BARRENek 15.000 euro behar ditu 2010erako aurreikusitako 18.000 euroko defizitari aurre egiteko, eta irakurleoi diru-laguntza eskatzea erabaki dugu.
  • Gastuak gutxitzeko hainbat neurri hartu baditugu ere, proiektua garestia da (255.000 euro inguru); diru-sarrerak, berriz, gero eta txikiagoak dira, bizi dugun egoera ekonomikoaren eraginez.
  • Duela 18 urte sortu genuen BARREN astekaria elgoibartarrok gure herriko berri euskaraz jasotzeko helburuarekin. Gaur egun, 4.800 ale banatzen ditugu astero, eta lau herritarretik hiruk irakurtzen dute (8.500 lagun inguruk).
  • Elgoibarko eta Mendaroko herritarren %99,3k BARREN astekaria oso gauza ona dela uste dute, eta BARRENi emandako batez besteko nota 7,7koa da.
  • BARREN astekariarekin batera, elgoiBARREN.net atari digitala daukagu, eta 700 bisita izaten ditu egunean, bataz beste.
 

Proiektu komunikatibo honi eusteko ezinbestekoa dugu herritarron diru-laguntza. Orain arte hala izan da, eta aurrerantzean ere denon artean egingo dugu BARREN.

Informazio gehiago elgoiBARREN orainkarian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude