Zumaiako Baleike aldizkariak jaso du Rikardo Arregi Kazetaritza Sari Nagusia

Zumaiako BALEIKE hilabetekariak jaso du Andoaingo Udalak urtero ematen duen Rikardo Arregi Kazetaritza Sari Nagusia.  2009ko maiatzetik 2010eko maiatzera Euskal Herriko telebista, irrati eta paperezko komunikabideetan argitaratutako lanak hartu ditu epaimahaiak kontuan saria erabakitzeko. Diploma, Xabier Laka eskultorearen oroitikurra eta 9.000 euro jaso ditu Baleikek.

argazkia_fotonoHauek dira epaimahaiak gaurko ekitaldian azaldu dituen arrazoiak saria Baleikeri emateko:

“Papereko aldizkaria da, hilabetekaria, eta iraganean, neurri batean bederen, egunerokotasunari lotzen zitzaion. Hilabetekari izaten jarraitzen du, baina euskarri ezberdinetaz baliatuz garai berrietara eta irakurleen apetetara egokitzen asmatu du. Papereko aldizkariak sakoneko aldaketak egin ditu, egunerokotasuna alboratu du, erreportaje landuen gune bihurtu da; baina ez du baztertu egunerokotasuna, beste modu batean lantzeari ekin baizik: halatan, eguneroko informazio eta jakingarriei web gunean egiten die lekua.

Berrikuntza ipar-orratz hartuta, paperean argitaraturiko idazlan asko bideo eta argazki bidez osatzen eta aberasten dituzten web gunean.

Berrikuntza eta kalitatea uztarri berean doaz: horretaz jabetzeko aski da idazketa zainduari, infografiari, maketazioari eta erreportaje-moten ugaritasunari erreparatzea. Erakargarria zaio irakurleari, edukia ez ezik baita papera eta kolorearen trataera bera ere. Hitz bitan esanda, produktu betea.

Iturriak bikain bilatu eta baliatzen ditu, tokikoak ez ezik kanpokoak ere.

Toki aldizkaria izanik, tokikoa eta globala egoki uztartzen asmatu dute, bertakokerietan erori gabe baina bertakoa den produktua eginez.

Toki aldizkaria goi mailako aldizkari bihurtu da, toki aldizkari izateari utzi gabe. Eredugarria da, ezbairik gabe, toki-aldizkarientzat, aipatu ditugun ikuspegi guztiengatik eredugarri”.

BALEIKErekin batera, BeƱat Sarasolak jaso du Kazetari Berria saria, Berrian idatzitako literatura kritikengatik, eta Imanol Muruak Sari Berezia, Loiolako Hegiak lanagatik. Ohorezko aipamena, berriz, ARGIA astekariak jaso du, 90 urteko ibilbide oparoa goraipatuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude