Elkarteetan euskararen erabilera sustatzeko metodologia eskuliburua aurkeztu du Topaguneak

“Elkarteetan eragiten hitzarmengintzaren bidez. Entitateak euskalduntzeko metodologiaren garapena” eskuliburua aurkeztu du Topaguneak gaur, ekainaren 22an Bilbon, Bizkaiko Foru Liburutegiko ekitaldi aretoan. Eskuliburu honek, era guztietako elkarteetan euskararen erabilera sustatzeko metodologia garatzen du.

Euskara elkarteek 20 urtetan gizarteko eremu sozioekonomiko ezberdinetan landutako hitzarmengintza egitasmoen metodologia du oinarrian gaur aurkeztutako proposamenak eta Iñaki Eizmendik, ebete zerbitzuetako arduradunak, herrietan diharduten era guztietako elkarteetara egokitzeko lana egin du, Topaguneko Entitateak Euskalduntzeko Saileko Piedad Dorado (Durangoko Berbaro euskara elkartea), Ainara Labado (Eibarko .…Eta Kitto! euskara elkartea), Itziar Larzabal (Irun Iruten euskara elkartea), Galder Unzalu eta Sonia Perez-ekin batera.

Gaurko aurkezpenean Topaguneko ordezkari Jasone Mendizabal eta Galder Unzalurekin batera, Ebete-ko Iñaki Eizmendik parte hartu du. Metodologiaren garapen eta argitalpenean Topaguneak lagun izan ditu era berean Bizkaiko Foru Aldundia zein Eusko Jaurlaritza, babesle modura.

Iñaki Eizmendik metodologia bera aurkeztu du. Eskuliburua tresna modura jaio dela azpimarratu du eta helburu zehatza duela gogoratu du: elkarteetan eragiteko tresna zehatz, erabilgarri eta praktikoa eskaintzea, elkarteotako bizitza soziala (barne eta kanpo funtzionamendua) euskaldundu dadin.

Metodologia aplikatzeko hiru plan pilotoen emaitzak ere aurkeztu dira. Ermua, Deustu eta Ordizian izan dira proiektuok martxan 2009 eta 2010 urtean zehar eta landu diren arloetan (aisialdi, kirol eta kultur elkarteekin landu da nagusiki orain arte) emaitza interesgarriak lortu ditu. Ermuako Euskal Birusa, Deustuko Berbaizu eta Ordiziako Hitzaro euskara elkarteak izan dira herri hauetan egitasmoak gidatu dituztenak. Azken hilabeteetan beste herri batzuetara hedatzen hasi da metodologia.

Liburua salgai dago Topagunean eta hurrengo asteotan ahalik eta hedapen zabalena emango zaio metodologia garatzeko interesa duten erakundeen artean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude