300 bat lagun bildu dira gaur Arrasaten Mintza Egunaren bosgarren edizioa ospatzeko

<!–
@page { margin: 2cm }
P { margin-bottom: 0.21cm }
–>

TOPAGUNEA Euskara Elkarteen Federazioak, AED Elkarteak eta Zahar Berri mintzapraktika egitasmoak antolatu dute Euskal Herriko mintzapraktika egitasmoetako partaideak elkartzeko eta jai-egun entretenigarria euskaraz pasatzeko helburua duen jaia. Berbalagunak, solaskideak, mintzalagunak… Hego Euskal Herriko txoko guztietatik hurbildu dira Arrasatera mingaina gustura astintzeko.

Antolatzaileen ongi etorriaren ondoren, bertaratutako lagunek hamaiketakoa egin dute Biteri plazan, txalapartaren soinuak lagunduta. Euriak une batetik bestera denak sakabanatu behar zituela ematen zuen arren, azkenean eguraldiak ere bat egin du jaiarekin, eta han-hemenkako tantatxo batzuk kenduta, aparteko eragozpenik ez da egon.

Hamaiketakoaren ondoren Arrasateko historia eta txoko esanguratsuak ezagutzeko ibilbide gidatua hasi da, Ana Isabel Ugalderen eskutik. Historialariak ahozabalik utzi du bat baino gehiago Arrasate eta Mondragoeren arteko diferentziak, herriko harresia eta garai bateko arkitektura eta hirigintza arauak gaitzat hartuta.

Ibilbidearen ostean, Manex Agurre eta Jokin Labaien bertsolari gazteek jarri diote piperra goizari, eta jaso duten txalo zaparrada ikusita, entzuleek gustura hartu dituztela esan daiteke. Gero entzuleak beraiek izan dira protagonista, Portaloiko kanta taldeak eta Arrasateko trikitilariek kantuan eta dantzan jarri baitituzte, hala Mintza Egunera etorritakoak nola kalean zebiltzan herritarrak ere.

Kalejiraren ondoren, 14:30ak aldera, mintzalagunak Udaletxeko plazako karpa erraldoian elkartu dira elkarrekin bazkaltzeko. 270 lagun batu dira han guztira, eta, postrean, eguneko unerik hunkigarriena iritsi da: urtero egiten den sari banaketarena, hain zuzen ere. Sari horiekin, mintzapraktika egitasmoetan ibilbide nabarmena duten lagunen ahalegina eskertzen da. Eta bistan da asko direla ahalegin hori egiten dutenak, aurten zazpi izan baitira saritutakoak: Uribe Kostako Ana Telo, Bergarako Nerea Altzelai, Arrasateko Mari Karmen Agilar eta Espe Sainz, Ezkerraldeko Juanan Fernandez eta Mikel Ferrero eta duela 21 urte Ekuadorretik Donostiara etorritako Gladis Villalva kazetaria.

Guztiek ere hunkituta jaso dute saria, eta eskerrak eman ondoren erromeriaren txanda izan da. Seguruenik, horixe izan da eguneko sorpresarik handiena askorentzat: izan ere, musikari senegaldarrek eta ganbiarrek osatzen duten Kataia taldeak izan du musika jartzeko lana: taldeak musikarien herriko musika egiten du, euskarazko letra jarrita, nahasketa bitxia sortuz.

Hasierako ezustekoa gaindituta, asko izan dira Kataiaren erritmoekin dantzara animatu diren berbalagunak zein kaleko herritarrak, eta halaxe, kantuan eta dantzan joan da arratsaldea, dezente luzatu dena. Bosgarrena ia-ia amaitu gabe oraindik, eta partaideetako asko galdezka hasi dira jadanik, seigarrena non eta noiz izango den.

Seigarren Mintza Eguna TOPAGUNEA Euskara Elkarteen Federazioak, AED elkarteak eta ZaharBerri mintzapraktika egitasmoak antolatu dute, Eusko Jaurlaritza eta Arrasateko Udalaren babesaz, eta AEK zein IKAren laguntzarekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude