Mintza Egunaren bosgarren edizioa, ekainaren 6an Arrasaten

Arrasateko Udalean egindako prentsaurrekoan, TOPAGUNEAk, ZaharBerrik eta Arrasateko Udalak berak Mintza Egunaren VI. edizioa aurkeztu dute gaur.

MINTZA EGUNAREN AURKEZPENAPrentsaurrekoan Arkaitz Biain Euskara saileko zinegotziarekin batera, Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendaria, eta Zahar Berriko teknikaria den Maitena Arana izan dira.  Ekitaldia laguntza hitzarmena sinatzeko aprobetxatu dute Topaguneak eta Arrasateko Udalak, Mendizabalek eta Bianek izenpetu dutena.

Mintza Egunera gerturatzen direnek Arrasteko txokoak eta historia hobeto ezagutzeko aukera izango dute, “eta baita mingainak dantzan jartzeko ere”.  Jaialdia goizeko 11:00etan hasiko da, Biteri Plazan egingo den ongietorria eta hamaiketakoaz.  12:00etan ibilaldi gidatua egingo dute bertaratutakoek tokiko berezitasunak ezagutzeko, eta 13:30etan kalejiraren txanda izango da.

Eguerdi partean indarrak berritzeko unea izango da, eta horretarako Arrasate Errugbi taldeak Herriko plazan jarriko duen karpan bazkalduko dute 14:30etatik aurrera.  Esan beharra dago 300 pertsona inguru espero dutela, “halere bazkaltzeko 500 txartel ditugu, AED elkartean, Monte eta Irati tabernetan salgai daudenak”.  15:30etan une hunkigarria biziko da, sari banaketa burutuko baitute.  Sari hauek urtero banatzen dira, Mintzapraktika egitasmoetan pertsona ezberdinek egin duten ibilbideak omentzeko.

Arratsaldeko 16:00retan jaialdia bere azken txanpan sartuko da, Kataia taldeak erromeria eskainiko baitu.  Esan beharra dago honako hau Mintza Egunaren berritasun  nagusia izango dela, Markina eta Bergaran bizi eta euskaraz abesten  duten senegaldar eta ganbiarrek osatzen baitute Kataia.  Aranaren esan “arratsaldeko 18:00ak aldera espero dugu jaialdiari amaiera ematea”.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude