LABURBIRA Film Laburren Zirkuituak euskarazko bederatzi ikus-entzunezko eramango ditu herriz herri

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak urtero antolatzen duen Film Laburren Zirkuituaren zazpigarren edizioa aurkeztu du gaur Donostian. Euskarazko ikus-entzunezko urteko produkzioa ezagutarazi eta herrietako kultur eskaintza aberasteko helburua duen zirkuituak LABURBIRA izen propioa hartu du aurten.


LABURBIRAren zazpigarren edizioak 28 emanaldi eskainiko ditu: 26 Euskal Herriko herri eta hirietan izango dira, tokian tokiko Euskara Elkarteen eskutik. Beste biak, iaz hasitako bideari jarraiki, Parisen eta Shanghain egingo dira, hango Euskal Etxeek bultzatuta. Proiekzioak apirilaren 13an hasi eta maiatzaren 14an amaituko dira.

 

Poseak egiten

Bederatzi ikus-entzunezko ordubete inguruan

Emanaldi bakoitzean bederatzi ikus-entzunezko eskainiko dira, denak ere 2009an ekoitzitakoak. Aurreko edizioetan bezala, honetan ere ahalegina egin da ibilbide luzeko egileak eta egile berriak kontuan hartzeko. Hala, Telmo Esnal, Koldo Almandoz edota Arkaitz Basterra bezalako zuzendari ezagunen lanak ikusi ahal izango dira, baina baita oraindik hain ezagunak ez diren Estibalitz Ariz, Itziar Faido eta Urko Mauduit zuzendarienak ere. Gainera, aurreko edizioetan bezalaxe, 2009ko abenduan Bermeon egin zen Kameratoian, Topaguneak antolatutako Ikus-entzunezkoen Rallyan, saritutako lanetako bi sartu dira tartean. Gazteei zuzendutako lehiaketa horretan, ikus-entzunezko lan bat hamar ordutan grabatu, editatu eta aurkezteko erronka proposatzen zaie parte hartzaileei, eta emaitza gero eta harrigarriagoak izaten dira urtetik urtera, irudimenaren zein kalitate teknikoaren aldetik.


Bestela ere, askotariko aukera egiteko arreta berezia jarri da, eta horrela, formatu, estilo eta izaera oso ezberdineko piezek osatzen dute emanaldia: umorezko laburrak, serioagoak, irudi errealekoak, animaziokoak, bideoklip bat ere bai…


Egile zein ikus-entzuleentzat, LABURBIRA paregabeko aukera da euskarazko produkzioa ezagutarazteko, eskaintza herri askotara zabalduz. Herriotako asko txikiak izanik, gutxitan izaten dute zinema bertan eskaintzeko aukera. Gainera, egileak eta ikusleak elkarrengana hurbiltzeko asmoz, saio askotan solasaldia egingo da egileekin, proiekzioaren ondoren. Batzuek zein besteek biziki eskertzen dute iritzi-trukerako aukera hori, normalean oso aberasgarria suertatzen da eta.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude