Goierriko III Kultur Zirkuitua martxan

Ordiziako Hitzaro Euskara Elkarteak, Lazkaoko Goierriko Euskal Eskolak, Beasaingo Arrano Kultur Elkarteak, Itsasondoko Arbelaitz Elkarteak, Segurako Hitz edo Irri Euskaraz Elkarri Elkarteak eta Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak Goierriko III. Kultur Zirkuitua aurkeztu berri dute. Hona bertatik bidali diguten oharra:

5 herri, 6 elkarte, 5 ekitaldi, zuek eta gu elkarlanean.

Ordiziako Hitzaro Euskara Elkartea, Lazkaon kokatua dagoen Goierriko Euskal Eskola Kultur Elkartea, Beasaingo Arrano Kultur Elkartea, Itsasondoko Arbelaitz Elkartea, Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa eta gurdira azkenak sartu garenak, Segurako Hitz edo Irri Euskaraz Elkarri, bost elkarte elkarlanean. Beste inork interesik badu, gurekin harremanetan jartzea besterik ez du. Besoak zabalik hartuko dugu eta.

Goierriko Kultur Zirkuitua, zirkuitu laburra da eta laster egingo du eztanda: positiboak eta negatiboak, aktoreak eta entzule-ikusleak elkarrekin talka egin eta leherketa gertatzera doa!

Bakoitzak geure zilborrari begira lana egin ordez, elkarrekin, indartsuago eta koordinatuago eta elkarren berri izanez, lan egiteari eman nahi diogu garrantzia: Goierriko 5 herri, 5 elkarte, Topagunearen babesean euskara eta euskal kultura indartzen.

EGITARAUA:

Hauexek dira Goierriko III. kultur zirkuitu honek eskainiko dituen sei emanaldiak:

  • Maiatzaren 6an, osteguna, arratsaldeko 19:00etan, Ordiziako Herri Antzokian, Laburbira, 8 laburmetraia.

  • Maiatzaren 11n, asteartea, gaueko 21:00etan, Lazkaoko Maizpide Euskaltegian, Xabi San Sebastianen kontzertua. Folk musika, musikari donostiarraren ahotan.

  • Maiatzaren 20an, osteguna, arratsaldeko 19:00etan, Segurako Kultur Etxean, “Mende baten aldarriak XX.ean jarriak” bertsoz XX. mendeko erradiografia egingo digute Xabier Amurizak eta Jon Maiak.

  • Maiatzaren 21ean, ostirala, Itsasondoko Eskolan bi emanaldi: arratsaldeko 17:00etan, haurrentzat, “Erreka Mari” txotxongiloa, lamiei buruzko istorioa. Eta gaueko 22:00etan, helduentzat antzerkia: “Gezurrezko printzea” obra, Txirene antzerki taldeak emana.

  • Maiatzaren 26an, asteazkena, arratsaldeko 19:00etan, Beasaingo Udaletxean, diaporama: “Sahara Marathoia: kirolarekin desertuan zehar”.

Eskerrik asko zirkuitu hau posible egiten lagundu diguten erakunde publiko eta pribatu guztiei. Eta eskerrik asko, Goierriko bost herri horietako kultur elkarteetan lanean ari diren boluntarioei eta ikuskizunetara inguratuko zareten guztioi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude