Batzar Nagusia egin du Topaguneak Iurretan

Abiatu berri duen Kongresua izan da Topagunea Euskara Elkarteen Federazioaren Urteko Batzar Nagusiko protagonista larunbatean, apirilaren 17an, Iurretan (Bizkaia) egindako bilkuran. Euskara Elkarteen Mugimendua XXI. mendearen erronkei begira jarri da eta bere oinarriak birpentsatu eta biziberritzeko oinarriak jarriko dira Kongresuaren bidez. Hausnarketa prozesu honen bidez, barne kohesioa areagotu nahi du. Euskaldun kontziente eta aktibo gero eta gehiago erakarri nahi dira mugimendura, elkarteon jarduna eta eragin eremuak zabaltzeko helburuaz.

 

2009aren balantzea eta 2010eko plana

2009 urteko jardueran krisi ekonomikoak zeresana eman du, elkarte batzuetan besteetan baino gehiago eragin duelarik. Oro har egitasmo nagusiei eutsi bazaie ere, zenbait elkartetan jarduera dezente murriztu behar izan da eta zenbaiten egoera larria ere azpimarratu da. Krisiak krisi, federazioak egitasmo berriak martxan jarri dituela azaldu du Karmen Irizarrek eta sentsibilizazio sailetik abian jarritako motibazio tailerrak eta etorri berriak euskarara hurbiltzeko “Auzoko” egitasmoa aipatu ditu berritasunen artean.

2010era begira honako erronka nagusiak azpimarratu dira: TOKIKOM garatzea, aisialdi egitasmoen inguruan ikerketa eta garapenean ahalegin berezia egitea eta kultur dinamiken inguruan gogoeta eragitea, besteak beste. Bestalde, Araban egingo den sustapen lan trinkoa azpimarratu du Jasone Mendizabalek eta azarorako Gasteizen egingo diren jardunaldiak izan ditu aipagai.

Egitasmo zehatzetatik haratago, Iker Martinez de Lagosek 2009an bazkideei egindako inkestaren ondorioak azaldu ditu eta besteak beste, mugimenduaren garapenerako hausnarketa eskariari erreparatu dio. Kongresuak bazkideen eskari horri erantzun nahi dio lehentasunez. Euskara elkarteek gizartean egun betetzen duten funtzioa aztertu eta hurrengo urteotako erronkak zehaztea du xede abiatutako gogoetak eta bertan berraztertuko dira euskara elkarteen pentsamendua, helburuak, jarduerak eta antolakuntza. Bi urteko prozesua bazkide kanpaina bateratu batekin amaitzeko asmoa dago eta Batzarrak lehentasunezko egitasmo honi oniritzia eman dio. Kongresuak euskara elkarteen baitako ahalik eta partaidetza zabalena lortzea nahi da eta hainbat adituk ere ekarpena egingo dute prozesu osoan zehar.

 

Zuzendaritza Batzordea

Estatutuetan agindutakoari jarraiki, Federazioaren Zuzendaritza Batzordea berritu egin da: Durangoko Berbaro Elkarteko Leihor Elorriagak eta Elgoibarko Izarra elkarteko Imanol Larrañagak hartu dituzte Nahia Zarzosa eta Olatz Zabaletak utzitako karguak.

Bazkide berriak

Zuzendaritzako kide berriei ez ezik, Federazioan bazkidetza eskatu duten lau elkarte berriri ere eman die ongi etorria Batzarrak:

  • Euskara Añanan Mingainean (Añanako kuadrila)
  • Goierriko Euskal Eskola (Lazkao)
  • Txirritola (Aramaio)
  • Gutxisolo (Trebiñu)

Era berean, urtean zehar bi euskara elkartek eman dute Federazioan baja, beraien jarduera nagusiak eten dituzte eta: Oñatiko Laixan euskara elkarteak eta Zarauzko Txaparrok, beraien jarduna etetea erabaki dutelako. Bazkide berriak kontuan hartuta, guztira 95 elkartek osatzen dute Topagunea.

Ohiko gai zerrendaz kanpo, bi gairi aipamen berezia egin die Topaguneak. Alde batetik, Euskaldunon Egunkaria izan du gogoan, Egunkariako bost auzipetuen absoluzioa ospatuz eta Euskaldunon Egunkaria osatzen zuten partaide eta irakurle guztiak zorionduz. Egunkaria itxi zutenetik sortutako kalteak zuzentzerik ez badago ere, beharrezko kalte ordainak berma daitezela eta berriro ere horrelakorik gerta ez dadin eskatu du era berean Federazioak.

Bukatzeko, nafarrek euskaraz bizitzeko dituzten zailtasunak gero eta larriagoak direla salatu du Topaguneak. Nafarroako Gobernuak eta Euskarabideak itolarrian jarri ditu euskaraz bizi nahi duten nafarrak, beraien elkarteak baliabiderik gabe utziz, hedabideentzat diru iturriak itxiz eta euskara ikasteko zein administrazioarekin euskaraz harremantzeko aukerak murriztuz, besteak beste. Euskalgintzako beste erakundeekin harremanak indartu eta ekimen bateratuak antolatzeko baliatu dira 2010aren lehen hilabeteak eta horren erakusgarri izango da maiatzaren 15ean “Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea” lemapean Iruñean egingo den manifestazioa. Manifestazioan parte hartzeko deia eginez eman dio bukaera Batzarrari Topaguneak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude