Zergatik ez?

 

 

Euskaraz, zergatik ez?

Euskararen erabilera soziala bultzatzeko tailerra

 


     Euskal Herriko edozein Udaletxetan…

-Iepa! Necesito un certificado de empadronamiento

 -Laga eidazu mesedez zure  nortasun agiria

 -Ah..bai…bai, tori (harrituta bere barrurako: hara! euskaraz daki). Tori karneta. Momentuan egingo didazu?

-Bai, bai, berehala

.     —

 

 

 

 

Antzeko egoerak arruntak dira euskaldunon egunerokotasunean. Erakunde publikoetan, merkataritza guneetan, ostalaritzan, eskolan edo inguruan, lanean, kalean,… eguneroko bizitzan  eta eguneroko egoeratan euskaldun askok lehen berba gaztelaniaz (edo frantsesez) egiten du. Euskaldunok, hizkuntza bat edo beste hautatzea ez da zorizkoa, baina. Prozesu horretan  gizarteari, ingurune hurbilari eta norbanakoari dagozkion hainbat faktorek eragina dute eta elkarren artean gurutzatzen dira. Horren ondorioa da pertsona batek hizkuntza batean edo bestean berba egiteko duen joera.

 

Norbanakoaren joeraren eraginaren eta garrantziaren  gainean hiztunak hausnartzen jartzea dugu helburu Topagunean ZERGATIK EZ tailerren bidez. Tailerreko parte-hartzaileek, horrelako egoeren aurrean, hizkuntza jarrerek eta egiten dugun hautuak izan dezaketen eraginaz gogoeta egiten dute. Gogoeta hori taldean egiten da: elkarren artean hausnartuz; eguneroko egoerak oinarri hartuta eta bakoitzaren jarrera eta portaera epaitu barik.

 

Ekimena euskara ezagutu arren, erabilera gune, harreman eta euskararentzako esparruak irabazteko dituzten euskaldunentzako da. Horixe da gaur egun euskaldunon gehiengoa. Izan ere, uztailean ezagutu ditugun datuen[1] arabera, egun Euskal Herrian % 27 gara elebidunak eta euskararen kale erabilera, berriz, %13,7koa da.  Etorkizunaren ikuspegi baikorra irudikatu nahi dugu, datuok aukera gisa aurkeztuz. Ezagutza datuen arabera, erabilera aukerarik bada, aukera hori gurea da, euskaldunona, euskara dakigunona.

 

Tailerraren bitartez euskararekiko jarrera baikorrak sustatu nahi ditugu, hiztun aktiboagoak bihurtu nahi ditugu tailerreko partehartzaileak. Funtsean tailerra galdera baten bueltan antolatu da: eta hau, euskaraz, zergatik ez? Zergatik ez kokatu euskara guztion elkargunerako, komunikaziorako hizkunzta gisa? Zergatik ez hautatu euskara lehengo berba gisa?

Bi ordu eta erdiko iraupena duen saioan, hainbat gai lantzen dira: hizkuntza aniztasuna, legezko markoa, hizkuntza ukipena eta galtze prozesuak, euskararen gaineko datuak, erabiltzeko zailtasunen identifikazioa, eta erabilera gehitzeko proposamena ere egiten da. Tailerraren zabalkundea Euskal Herri osoan modu eraginkorrean egin ahal izateko, Topaguneak  bazkideekin elkarlanean 13 euskara elkartetako 40 trebatzaile jarri ditu martxan. Ondokoak dira proiektu honekin elkarlanean ari diren elkarteak: AED eta Txatxilipurdi (Arrasate), Bagera (Donostia), Berbaro (Durango), Bizarra Lepoan (Algorta-Getxo), Elgoibarko Izarra, Irun Iruten, Jardun (Bergara), Karrikaluze (Atarrabia), Loramendi (Aretxabaleta), Pilpilean (Soraluze) eta Zuhatza (Deba).

 

Tailerraren formatu orokorraz gain, bereziki nerabe, gazte eta gurasoei egokitutako saioak ere sortu ditugu.  Xede talde horiei zuzendutako saioetan, ezaugarri berdintsuak izan ditzazketen euskaldunak elkartu nahi ditugu (gazte kuadrillak, hezitzaile-begirale taldeak, kirol taldeak, guraso taldeak, lanbide berdintsuetako profesionalak, institutu bereko ikasleak…), nolabaiteko talde izaerak ematen duen hurbiltasuna, hizkuntzaren eta hizkuntza ohituren gaineko gogoeta egiteko baliatuz. Proiektuak Kataluniako Tallers per la Llenguak diseinatutako “Taller per al foment dels Usos interpersonales en Llengua Catalana” sentsibilizazio tailerrean du oinarri. Topaguneak beraien eskaintza jasoz, tailerra moldatu, egokitu eta euskarara ekarri du, gure hizkuntzak duen errealitatera.

 

Tailerren gaineko informazio gehiagorako: sonia@topagunea.org


[1] Soziolinguistika Klusterra. Hizkuntzen kale-erabileraren VI. Neurketa, 2011

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude