Kultur Errota, krisialdi garaian ere politto.

 

KULTUR ERROTA erabiliz, euskara elkarteek, uztaila bitartean,  87 kultur emanaldi antolatuko dute. Kopuru hori, aurreko hiru urteetakoarekin alderatuta apur bat txikiagoa bada ere, %10 gutxi gorabehera, iragarritako murrizketak kontuan hartuta espero zitekeena baino askoz hobea da.

Gipuzkoako  Goierrin eta Arabako Aiaraldean, eskualdeko kultur zirkuitu koordinatuak antolatuko dituzte apirila eta maiatzean. Horietan KULTUR ERROTAren bitarteko emanaldiak eta LABURBIRA -Film Laburren Zirkuitua-renak uztartu eta batera aurkeztuko dira.

Hogei eta hamabost elkartek erabiliko dute KULTUR ERROTA urteko lehen epe honetan eta bakoitzak erabili ahal duen finantziazioaren gehienezko kopurua 800 €tan ezarri da. Zenbait elkartek proposaturiko  emanaldiek, hori baino finantziazioa altuagoa eskatzen dutenez, horretarako aukera dutenek, finantziazio aldea beren gain hartu eta zirkuituak eskaintzen dituen kudeaketa, zabalkunde eta fakturazioaz baliatuta egingo dute aurrera.

Ekainaren hasieran, IKUSKIZUNEN ZERRENDA berritua bidaliko da elkarteetara, eta ohiko hiru asteko epea izango dute, oraingo honetan, iraila eta urte amaiera bitarteko emanaldi-proposamenak egiteko.

IKUSKIZUNEN ZERRENDA berritu horretan ikuskizunak sartzeko proposamenak egin ahal dituzte euskara elkarteek, erabiltzaile izan edo ez. Izan ere, herri eta auzoetan dauden kulturgile eta taldeentzat aukera ona izan daiteke KULTUR ERROTAn haien ikuskizunak eskaintzea eta plazak lortzea. Pasatu kontakturako bidea eta gu jarriko gara harremanetan haiekin.

Informazio gehiago nahi izanez gero,  kulturgintza@topagunea.com helbidera idatzi ( Manuel)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude