Sortu eta eragin

Kaguenka! bukatu genuen 2009. urtea Topagunekook, euskalgintzako beste hainbat eragilek bezala: haserre, irainduta, nazkatuta… Hau da, toxinaz beteta. Nahikotxo hitz egin da euskarazko hedabideek merezi ez duten tratuaz, euskaraz zein erdarazko Euskal Herri osoko hedabideetan. Hauxe da gertatu denaren gainean egin dezakegun irakurketa positibo bakarra: alde batetik, hainbat enteratu dira existitzen garela eta egituratu samar gaudela, eta bestetik Euskarabidearen sorrerarekin Nafarroako Gobernuak egin zuen distrakzio maniobra berez erori egin dela, agerian geratuz, Nafar Gobernuak daraman hizkuntza politika euskarafobiko, mendekatzaile eta aldeanoa ezkutatzeko, Euskarabidea erabiltzea dela euren asmo bakarra, horretarako Euskarabideako zuzendaria ipurdia agerian utzi behar badu ere.

Bestelakoa izan zitekeen Institutua baliabidez hornitu izan balute, baina ez. Gero elkarbizitzaz hitz eginen digute. Nork eta gizartearen gutxiengo handi baten nahiak, eskubideak eta kultura errespetatzen ez dituenak.

Oskar ZapataGaurkoan ordea ez dut gehiago hedabideen gaiaz hitz eginen, mingarria den arren ez baita kaltetua atera den sektore bakarra, ez horixe. Azken bi urteko aurrekontuek, euskararen erabilera sustatzeko ekimen guztiak kaltetzea dute helburu: hedabideak, haur eta gazteen aisialdia, kultur programazioa, entitateak euskalduntzeko programak, mintzapraktika egitasmoak, herritarren sentsibilizaziorako ekimenak, euskaltegiak, irakaskuntza… Hau da, erasoa erabatekoa da, helburu garbia duena: euskaraz bizi nahi dugunontzako esparruak irabazteko egindako lanak ahalik eta gehien trabatzea, horretan aritzen diren eragileei diru-laguntzak erabat murriztuz.

Nafarroako euskaltzaleok, gure Gobernuaren babes juridiko, politiko eta ekonomikorik gabe aurrera egin behar dugu. Gainera, kontziente gara, Gobernuak hiru plano horietan orain ukatzen duen babesa ezinbestekoa dela, gizartearen inplikazioarekin batera euskararen erabateko normalizazioa lortuko bada.

Egoera larria dela jakin badakigu. Horren aurrean zer? galdetu dute hainbatek. Gure ustez, zailtasunaz zailtasun bi planotan lan egin behar dugu: alde batetik sormenetik tiraka inurrien antza auzoz – auzo, herriz – herri antolatu, hiztun sareak osatu, erabilerarako esparruak irabazi, diru iturri berriak bilatu… Eta, beste aldetik Nafarroako euskaltzaleon nahia ozenago entzun dadin ekimen bateratu eta jarraituak antolatu; horretarako Nafarroan gero eta euskaltzale gehiago egon gaitezen diskurtso eta ekimen erakargarriak gizarteratu, politikariekin harremanak ugaritu, botere ekonomikoarengan ahal dela eragin, kale agerpen indartsuak egin e.a.

Lehendabiziko egitekoari, hots, auzoz auzo saretze lan horretan, inozokerietan erori gabe, zerbait aurreratua dugula esan dezakegu, ez baita alferrik urteetan euskalgintzakook langintza horretan sortutakoa : ikastolak, euskaltegiak, hedabideak, aisialdi eta kultur programak, mintzakide, komertzio eta profesionalen gidak…

Bigarren egitekoari dagokionean, Topagunea etxeko lanak egiten ari da; izan ere, azken urte hauetan, euskararen erabileran eragitea helburuarekin sortu diren euskara elkarte eta ia hedabide guztiak federatu baitira Topagunean. Horren ondorioz, esan dezakegu euskalgintzaren hanka bat Topagunearen inguruan egituratu dela eta horrek lagungarri izan behar lukeela Nafarroako euskalgintza egituratzen eta batzen.

Beraz, Topagunea prest dago, euskalgintza eta Nafarroako gizarte euskaltzaleekin diskurtso eta dinamikak adostu eta elkarlanean aritzeko.

“El Drogas” -ek esana: Pentsatzeari uzteko garaia iritsiko zaigu hiltzen garenean, bitartean…

Oskar Zapata Solano

Nafarroako Topagunea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude