Euskara elkarteen mugimenduaren gaineko hausnarketa jardunaldiak larunbatean

Topaguneak Euskara Elkarteen Mugimenduaren gainean hausnarketa egiteko jardunaldiak antolatu ditu. Jardunaldiok datorren larunbatean, urtarrilaren 23an, egingo dira Durangoko Landako Elkartegian eta 100 lagun elkartzea aurreikusten da, guztiak ere mugimenduko kide.

Euskara elkarteen 25 urteko ibilbidea aztertuz ekingo zaio larunbateko saioari eta hurrengo urteetarako erronkak lantzea izango da egunaren helburu nagusia. Horretarako, bi zatitan banatu dira jardunaldiok.

Juan Luis Arexolaleiba, Isabel Isazelaia, Imanol Miner eta Rosa Ramosen hitzaldiek beteko dute egitarauaren lehen zatia. Euskara elkarteen mugimenduaren helburu, lan ildo eta jardueraren gaineko beraien ekarpenak aurkeztuko dituzte lau hizlariek.

Ondoren, bertaratutako lagun guztiek parte hartuko dute eztabaida taldeetan, egunaren bukaeran hurrengo hilabeteetako hausnarketa prozesuaren oinarria izango diren ondorioak ateratzeko.

Jardunaldi hauen bidez hausnarketa prozesu parte hartzaileari hasiera eman nahi dio Topaguneak. Izan ere, Federazioaren 2009 urteko batzarrean hurrengo urteetarako erronka garrantzitsu modura zehaztu zen hausnarketa abiatzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude