Urtarrilaren 23an Euskara Elkarteok hitzordua dugu

Durangon izango dugu hitzordua Euskara Elkarteok urtarrilaren 23an. Izan ere, egun hori zehaztu baitugu jardunaldi formatu parte hartzailea izango duen hausnarketa saioa egiteko. Galdera nagusi bati erantzun nahi diogu hausnarketa horretan: norantza jo behar dugu XXI. mendeko euskara elkarteek?

eskuera jardunaldiakAzken hilabeteotan behin eta berriro jaso dugun kezkari jarraituz, Topaguneko zuzendaritzak euskara elkarteen mugimenduari buruzko hausnarketa sakona martxan jartzea erabaki du, baldintza bakarrarekin: hausnarketa prozesua parte-hartzailea izan dadila, Topaguneko bazkide diren 93 euskara elkarteetara gogoeta heldu dadila bermatu eta ekarpena jasotzeko ahalegin guztiak egitea. Oso garrantzitsua da hausnarketa horretan elkarteetan inplikaturiko pertsona guztiak (langileak, zuzendaritzakideak, boluntarioak, boluntario izandakoak, sortzaileak, bazkideak, bazkide-ohiak,…) partaide izatea, ekarpena egitea.

Urtarrilaren 23an, larunbata, prozesu horri hasiera eman nahi diogu, hausnarketari ekin. Egun osoko saioa deitu dugu horretarako eta euskara elkarteetako kideei eta euskara elkarteen bueltan mugitzen zareten lagun guztiei egin nahi dizuegu parte hartzeko deia. Prozesuaren abiapuntua izango dela kontuan hartuta, oso saio garrantzitsua izango da hausnarketa gaien oinarria zehazteko: zertaz arituko garen, zeintzuk diren eztabaidagaiak, zeintzuk diren gure oinarriak eztabaidagai horietan, norantza joan nahi dugun zehaztu nahi genituzke.

Zenbait lagunek prestatu dituzten ekarpenekin emango diogu hasiera egunari urtarrilaren 23an. Ondoren, baina, denon parte-hartzea bultzatzen saiatuko gara, partaide guztien iritzia jaso eta eguneko ondorioak ahalik eta ekarpen zabalenekin osatzeko.

Euskara Elkarteen Mugimenduaz hitz egin dezagun; 25 urte beteak dituen mugimenduaz, euskara elkarteen lorpenei buruz, eta baita lortu ezin izan dituenei buruz ere, elkarteetako kideen ametsez eta gure etorkizunari buruz. Badugu zer hitz egina, badugu zertaz aritua. Eguna elkarrekin egoteko ere baliatuko dugu, elkartzeko aukera gutxi izaten baititugu eta merezi duela uste dugulako.

Hitzorduari buruzko xehetasunak:

 

  • Eguna: 2010eko urtarrilaren 23a, larunbata
  • Lekua: Durangoko Landako elkartegia
  • Ordua: Goizeko 9,15etatik aurrera, goiz eta arratsaldeko saioa
  • Bazkaria: Plateruena Kafe Antzokian

 

Jardunaldirako ez da matrikularik egongo, bazkaria bakarrik ordaindu beharko du parte hartzaile bakoitzak, 15 euro. Horretarako, gutun bidez helaraziko dizuegun kontu korronte zenbakian egin beharko da sarrera. Hala ere, matrikularik egon ez arren izen-ematea beharrezkoa izango da, egunaren antolaketarako garrantzitsua izango delako zenbat lagun elkartuko garen jakitea. Izena emateko bi bideak ondokoak dira:

  • e-posta: bulegoa[abildua]topagunea.org
  • telefonoa: 94 621 57 80

 

Hitzordu garrantzitsua delakoan gaude, beraz, parte hartzeko deia luzatzen dizuegu. Egun polita pasako dugu batera!

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude