Nafarroako euskarazko hedabideen balorazioa diru-laguntzen afera dela eta

Nafarroako euskarazko hedabideen balorazioa diru-laguntza ezaz
Hedabideen ordezkariak balorazioaren berri ematen NABARRERIAko lokaletan

 

Nabarreriako Mikel Buldainek, Nafarroako Topaguneako Oskar Zapatak eta Bierrik Fundazioko Garbiñe Petriatik ondoko idatzi hau aurkeztu dute Iruñean, Nafarroako euskarazko hedabideen izenean, Nafarroako Gobernuak diru-laguntzarik ez emateko erabakiaren urgentziazko balorazioa eginez:

Euskarabideako zuzendari-kudeatzaile Xabier Azanzak atzo jakinarazi zuenez, Nafarroako euskarazko hedabideok zentimo bakar bat ere ez dugu jasoko, Nafarroako Gobernuak diru laguntza deialdia ez egitea erabaki duelako.

Arrazoia? Horretarako zegoen diru kopurua (240.000 euro) Hezkuntza Departamentuak Ikastetxe edo haurtzaindegiren batean… obrak egiteko behar omen ditu eta hori lehenetsiko dute.

Arrazoi horri aitzakia usaina dario nonahitik begiratuta ere. Gure ustez, hau guztia ez da erabaki teknikoa, erabaki guztiz politikoa baizik, xede garbia duena: Euskal Komunikabideak gutxiestea, euren langileak eta ordezkariak mespretxatuz, Nafarroako euskal komunitatea beste behin ere iraintzea bilatzen duena, bide batez legez ezarrita duten betebeharrari muzin eginez.

Ezerezean geratu da, beraz, Euskarabideak eta Hezkuntza Departamenduak urte osoan zehar, eta uztailean bereziki, emandako hitza. Deusetarako ez du balio urte osoan zehar aurtengo egoera konpontzeko inbertitu ditugun ordu eta ahalegin guztiak.

Dudarik gabe behin erabakia finkoa dela dakigula, gure esku dagoen guztia egingo dugu Nafarroako Gobernuaren gainetiko instantziek honen berri jaso dezaten.

Hori horrela, dei zuzena egiten diegu PSN, NABAI, EB, CDN eta nola ez UPNri ere datorren urterako aurrekontuetan euskarazko hedabideok aurten jasan dugun kolpe latz hau neurri batean behintzat konpentsatu eta aurrekontuan ezarritako 250.000 euroko partidaz gain, aurtengo uztailean hitz emandako beste 240.000ak gorde ditzatela helburu horretarako.

Azkenik, eta inoren borondate eta asmo pertsonalak zalantzatan jarri gabe, dei zuzena egin nahi diegu hala Euskarabideako zuzendariari nola bere zuzendaritza taldeari hausnarketa sakona egin dezaten jokatzen ari diren paperaz eta horren baitan erabaki dezaten aurrerantzean nola jokatu. Borondateak borondate, Euskarabidea ere Nafarroako Gobernuaren parte da, eta egoera honen erantzukizuna hari dagokio zati handi batean. Horretaz hausnartzeko eta koherentziaz jokatzeko eskatu nahi diegu guztiei.

Gertatu dena gertatu dela ere, euskarazko hedabideen egoera egonkortzeko Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean aritzeko prestutasuna izaten jarraitzen dugu. Beste aukerarik ez dugu: finean, horixe da gure helburua, eta Gobernuaren legezko zeregina.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude