Euskarak Altsasun egindako ibilbidea

Dagoeneko Altsasuko etxeetara banatzen hasi da Kima euskara elkarteak prestatu eta Sakanako Mankomunitateak argitaratu duen liburua: Euskarak Altsasun egindako ibilbidea.

2008, urtean Kima euskara taldeak erakusketa prestatu zuen. Erakusketaren bidez, Kimakoek Altsasuko historia soziolinguistikoaren hastapena izan zitekeena osatu zuten. Harrezkero materiala biltzen jarraitu dute, eta bildutako guztiarekin liburuxka osatu.

Kimakoen asmoa ez da inolaz ere lan akademikoa egitea, testu ulerterraza eta dibulgaziozkoa baizik. Horrela, irakurleak modu atseginean aukera izanen du ezagutzeko Altsasun euskararen alde egindako lana zein izan den, eta zein oztopo izan dituen hizkuntzak esparru batzuetan aurrera egiteko eta zein esparru bereganatu dituen.

Euskarak Altsasun egindako ibilbidea liburua bi entitateen arteko elkarlanaren emaitza da. Alde batetik, Kimak liburuaren edukiak prestatu ditu, eta, beste alde batetik, Sakanako Mankomunitateak bere gain hartu ditu argitalpen eta banaketa gastuak. Liburuxka Altsasuko etxe guztietan banatuko da aurkezpenak egin eta gero, eta bi erakundeetako webguneetatik (www.altsasukokima.com eta www.sakana-mank.com) jaitsi ahal izanen da euskarri elektronikoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude