ADITUAK: EHUren zerbitzu berria dibulgazio kontuetan kazetariei laguntzeko

“Hedabideek gero eta garrantzi handiagoa daukate gizartean, eta gero eta eskari handiagoa dago era guztietako gaien gaineko informazio fidagarria eskuratzeko. Horrek eginkizun berri bat eman dio unibertsitateari: zientzia jendearengana hurbiltzeari lotutakoa, hain zuzen. Dibulgazioa, baina, laster batean egin beharreko lana bihurtzen da adituen laguntza behar denean egunean gertatutako zerbait interpretatzeko. Azken batean unibertsitatea dagoeneko betetzen hasita dagoen zeregin berri batez ari gara: bere kapital intelektuala gizartearen esku jartzeaz, errealitatearen katramila askatzeko, interpretatzen laguntzeko eta gizarte eragileei eta, oro har, pertsona guztiei ondo oinarritutako iritzia eratzeko modua emateko”.

Hausnarketa horretatik abiatuta, Euskal Herriko Unibertsitateak Adituak izeneko zerbitzu berria jarri du abian: kazetariei zientzalariekiko harremana errazteko aurkitegi moduko bat hain zuzen ere. Zerbitzua doakoa da eta web bidez erabil daiteke, erraz-erraz. Gripea eta horrelako gaiak puri-purian ditugun honetan, baliabide interesgarria izan daiteke betiko topikoetatik aldendu eta gaiak benetako adituen laguntzaz tratatzeko.

Zerbitzuaren inguruko informazio gehiago, webgunean bertan, e-mailez zein telefonoz lor daiteke, ondoko zenbaki honetan: 945 01 33 53

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude