Mintzapraktika egitasmoak sendotu eta garatzeko Hitzarmena sinatu dute AEK-k eta Topaguneak

Mertxe Mugika (AEK) eta Jasone Mendizabal (Topagunea), hitzarmena sinatzeko ekitaldianMintzapraktika egitasmoak zabaldu, sendotu eta garatzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak eta AEK Helduen Alfabetatze Euskalduntzeko Koordinakundeak. Azken urteetan erakunde biek izandako harreman eta elkarlana hitzarmenean gauzatu dute horrela bi erakundeek.

Jasone Mendizabal zuzendariak, Topagunearen izenean, eta Mertxe Mugika koordinatzaileak, AEKren izenean, sinatu dute hitzarmena Euskaltzaindiak Bilboko Plaza Berrian duen egoitzan.

Mintzapraktika egitasmoek azken urteotan izan duten hazkundea azpimarratu dute ordezkari biek eta elkarlanak hazkunde horretan izandako eragina handia izan dela gogoratu. Izan ere, gaur egun 2.600 lagunetik gora ari baitira ia 50 herri eta eskualdetan martxan dauden egitasmoetan parte hartzen. Euskararen erabileran eragiteko eta hiztunen hizkuntzarekiko atxikimendua lantzeko funtsezko egitasmoak bihurtu direla esan dute Mendizabal eta Mugikak.

Hitzarmenaren bidez erakunde biek hartzen dute herriz herri martxan jartzen diren egitasmoetan tokian tokiko euskara elkarte eta euskaltegien arteko harremana bideratu eta elkarlana bultzatzeko konpromisoa. Era berean, egitasmoetan lanean ari diren dinamizatzaileentzako prestakuntza saioak antolatu eta egitasmoak gizarteratzeko erakunde bien arteko harremana areagotzea da hitzarmenaren helburu.

Topagunea eta AEKren arteko mintzapraktika egitasmoen gaineko harremana aspaldikoa da. Bizkaian martxan jarritako Berbabarri hitzarmenean abiatu zen elkarlana 2000. urtean, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera sinatutako hitzarmena. Gerora, jardunaldiak antolatzeaz gain, azken hiru urteotan harreman sakona izan dute erakundeok egitasmo berriak martxan jarri eta lehenagokoak hobetzeko helburuarekin. Era berean, mintzapraktika.org atariaren kudeaketa ere erakunde bien artean eramaten dute, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude