Nafarroako Euskararen Kontseiluak euskarazko hedabideen egoera izan du aztergai

Kezka agertu du Nafarroako Euskararen Kontseiluak euskarazko hedabideek jasaten ari diren egoeraren aurrean. Zenbait batzordekidek egindako eskaerari erantzunez euskarazko hedabideek adostutako agiria aurkeztu eta eztabaidatua izan zen atzo, ekainaren 3an, Iruñean egindako batzarrean. Agiria ez zen bozkatua izan azkenik eta, horren ordez, Euskararen Kontseiluak egoerarekiko kezka adierazi eta gutxienez 2008rako izendatutako aurrekontuaren besteko diru kopurua hedabideen artean banatua izan dadila eskatu zuten Kontseiluko kideek.

Gobernuko ordezkariek euskarazko hedabideekin zabaldutako harremanaren berri eman zioten Kontseiluari, halaber.

 

Nafarroako hedabideek aurkeztutako agiria

Nafarroako hedabideek lau ataletan banatutako agiria aurkeztu zioten Nafarroako Euskararen Kontseiluari.

Lehen bi ataletan euskarazko hedabideek Nafar Gobernuari kexa eta larritasuna helarazi diete azken urteotan jasandako egoerarengatik. Gobernuak euskarazko komunikazio publikoari ematen dion tratuagatik atsekabea agertu dute agirian hedabideek, Ttipi-Ttapa telebistaren etena, Xaloa telebistaren egoera ziurgabea, Euskalerria Irratiari lizentziarik ez ematea, euskarazko hedabide publikorik eza, EITBren seinalea hedatzeko trabak eta beste hainbat hedabiderentzat (Berria egunkariari kasu) diru-laguntzarik ez ematea gogora ekarriz. Era berean, azken bi urteetan diru-laguntza deialdiek izan dituzten murrizketa gogorrek hedabideetan izango duten ondorioek kezka nabarmena sortu dutela gogoratu dute hedabideek.

Zenbait eskari eta eskaintza eginez bukatu dute agiria Nafarroako euskarazko hedabideek. Ondoko eskariak egin dituzte:

  • 2009. urtean euskarazko hedabideek aurreko urteetan jaso duten diru laguntzaren antzeko kopurua jasotzea.
  • Publizitate instituzionala euskarazko hedabideetan ere sartzeko eskaera Nafar Gobernuari.
  • Euskalerria Irratiaren egoera erregularizatzea eta emititzeko lizentzia ematea.
  • Euskarazko telebistek emititzen segitu dezaten egin beharrekoa egitea.
  • Aurten gertatukoa berriro gerta ez dadin pauso zehatzak ematea: euskarazko hedabideen egoera erregularizatzea, egoera egonkortzeko hitzarmen baten bidez.

Horrekin batera, lankidetza eskaintza egin diote euskarazko hedabideetako ordezkariek Nafarroako Gobernuari. Euskararen sustapena oinarri izango duen lankidetza hori euskarazko hedabideen egoera egonkortzera zuzenduko litzateke, eta lankidetza hitzarmen batean gauzatuko litzateke. Lankidetza hitzarmen horrek ondokoak jaso beharko lituzke hedabideotako ordezkarien iritziz:

  • Euskarazko hedabideen lanaren aitorpena
  • Zeregina duintasunez burutzeko beharren definizioa
  • Gobernuaren laguntzaren gutxienekoa
  • Laguntzak jasotzeko hedabideek dituzten betebehar eta baldintzak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude