Abian da Film Laubrren VI. Zirkuitua

•    Zirkuituak 47 emanaldi eskainiko ditu, 46 herri eta hiritan
•    Zortzi film laburrez osatutako ordubete inguruko emanaldiak eskainiko ditu martxoaren 5etik apirilaren 7ra bitartean
•    Zinegileekin zuzenean hitz egiteko aukera ere eskainiko du

FLZ KartelaTopaguneak urtero antolatzen duen Film Laburren Zirkuituaren seigarren edizioa aurkeztu du gaur Bilbon. Zirkuituaren bidez, Topaguneak eta osatzen duten euskara elkarteek aukera ematen dute euskarazko film laburren urteko produkzioa ezagutarazteko, eta, bide batez, herrietako kultur eskaintza aberasteko ekarpena ere egiten dute.

Zortzi film ordubete inguruan

Aurten 47 emanaldi eskainiko ditu zirkuituak, iaz baino hamar gehiago. Emanaldi bakoitzean zortzi film labur eskainiko dira, denak ere 2007-2008an ekoitzitakoak. Aurreko edizioetan bezala, honetan ere ahalegina egin da ibilbide luzeko egileak eta egile berriak kontuan hartzeko eta, iazko harrera ona ikusita, aurten ere Kameratoian, Topaguneak antolatutako Ikus-entzunezkoen Rallyan saritutako lanetako bi sartu dira tartean.

Film Laburren Zirkuitua paregabeko aukera da euskarazko produkzioa ezagutarazteko, plaza berriak eskainiz, herri askotara zabalduz. Herriotako asko txikiak izanik, gutxitan izaten dute zinema bertan eskaintzeko aukera. Gainera, egileak eta ikusleak elkarrengana hurbiltzeko asmoz, saio askotan solasaldia egingo da egileekin, proiekzioaren ondoren. Batzuek zein besteek biziki eskertzen dute iritzi-trukerako aukera hori, normalean oso aberasgarria suertatzen da eta.

Aurtengo emanaldietatik bost Euskal Herritik kanpo izango dira lehen aldiz, Erromako Associazione Culturale Euskara, Parisko Sustraiak–Erroak, Shanghaiko Euskal Etxea, Bartzelonako Euskal Etxea eta Londreseko London Basque Society elkarteekin bideratutako elkarlanari esker. Manuel Morenok prentsaurrekoan azaldu duenez, “aurreko edizioetan behin baino gehiagotan iritsi da eskaeraren bat edo beste diasporatik, baina beti epez kanpo. Hori kontuan izanda, zirkuituan parte hartzeko aukera denboraz eskaini diegu atzerriko zenbait euskara elkarte eta euskal etxeri, eta erantzuna ezin hobea izan da: aurtengo Zirkuituaren estreinaldia, esate baterako, Erroman izango da, martxoaren 5ean”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude