Badator Spraikada, Euskal Herriko Graffiti Lehiaketa

• Lehiaketaren bosgarren edizioa Erandion izango da, uztailaren 19an

• Izena emateko epea ekainaren 27an amaituko da

• Lehiaketaz gain, graffitiarekin lotutako bestelako ekimenak ere ekarriko ditu

Antolatzaileak, Bilboko Kalderapeko tabernan egindako aurkezpenean Duela bost urte hasitako bideari jarraituz, aurtengoan Erandion egingo den Euskal Herriko Graffiti Lehiaketa aurkeztu du Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak. Lehiaketa bosgarren ediziora iritsi izana “duen harrera eta indarraren seinale” dela esan du Topagunearen Gazte Saileko arduradunak, Sonia Perez Anguerak. Arrakasta hori ospatzeko, eta proiektuari osotasuna emateko, aldaketa nabariak izango dira aurten lehiaketaren planteamenduan.

Izena eta izana

Lehenengo eta behin, izen propioa estreinatuko du aurten Euskal Herriko Graffiti Lehiaketak. Graffitiaren munduan mugitzen diren lagunen proposamenak eta iritziak jaso ostean, iazko lehiaketan parte hartu zuen Mikel Aldekogarai gazteak proposatutako Spraikada izena eramango du ekimenak aurrerantzean.

Izenarekin batera, irudi grafiko bateratua ere estreinatuko du Spraikadak. Atal grafikoa 2007ko lehiaketaren irabazlea izateaz gain, 2006koan ere sarietako bat jaso zuen Garikoitz Arregi berriztarraren esku utzi izan da. Antolatzaileen esanetan, artista gazteak “oso irudi argia sortu du, Spraikadaren mamia ere oso ondo islatzen duena”.

Aldaketak, beraz, izenean, baina baita izanean ere. Aurtengo edizioan hasita, lehiaketa baino askoz gehiago izango da Spraikada: marka bera erabilita, graffitigintzan egiten den lana gizarteratzeko eta sustatzeko euskarri berriak lantzen ari da Topagunea, “eta aurki izango gara horien berri ere emateko moduan”.

Lehiaketa, uztailaren 19an

Gaurko aurkezpenaren helburua, hala ere, graffiti lehiaketaren beraren berri ematea zen: Mendaro, Getxo, Tolosa eta Gernika-Lumotik pasatu ondoren, Erandion izango da aurten buruz burukoa, uztailaren 19an. Buruz burukoan, betiko moduan, hamar graffiti lehiatuko dira, 1.500, 1.200 eta 900 euroko sariak eskuratzeko.

Lehiaketan parte hartzeko, egin nahi den graffitiaren zirriborroa bidali behar da lehenengo eta behin, eta hori egiteko epea ekainaren 27ra arte dago zabalik. Jasotako lan guztien artean, hamar onenak aukeratuko dira, eta horiexek izango dira Erandioko hormetan islatuko direnak.

Parte hartzeko baldintzei dagokienez, gutxitxo dira, eta betetzen errazak: 16 urtetik gorako gaztea izatea, graffitiko testuak euskaraz egitea, zirriborroa epea amaitu aurretik bidaltzea eta, finalista suertatuz gero, aukeratutako zirriborroko graffitia antolakuntzak emandako sprayekin egitea. Hortik aurrera, estiloa, teknika eta gaiak libreak dira erabat.

Parte hartzeko interesa dutenek, dena den, euren herriko euskara elkartean zein interneten aurki ditzakete lehiaketaren oinarriak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude