Galiziako "Conversas con" egitasmoan parte hartu du Topaguneak

Topaguneko ordezkari batek Santiago eta A Coruñan Conversas con egitasmoaren barruan antolatutako mahai inguruetan parte hartu du urtarrilaren 30 eta 31an. Galizako Xuntako Dirección Xeral de Xuventude e Solidariedadek eta A Mesa pola Normalización Lingüí­sticak antolatutako jardunaldiotan Galiza eta Euskal Herriko ordezkariez gain, Plataforma per la Llengua (Catalunya) eta Escola Valencianako (Paí­s Valenciá) ordezkariek ere parte hartu dute mintzapraktika egitasmoen inguruko esperientziak elkartrukatzeko.

Voluntariado de Activación Lingüí­stica (VAL) izenarekin ezagutzen dute Galizan 2006 urteko udazkenean martxan jarritako esperientzia. Egitasmoaren antolatzailea A Mesa pola Normalización Lingüí­stica erakundea da, Galegoaren defentsan lan egiten duen erakundea. Gaur egun zenbait unibertsitatetan martxan duten programa da VAL eta hizkuntzaren ezagutza eta erabilera sustatzeko bikoteak antolatzen dituzte ohiko hiztunen eta ikasleen artean.

Antzerako esperientziak azaldu dituzte Plataforma per la Llengua eta Escola Valencianako kideek ere. Katalunian ibilbide luzea duen Voluntariat per la Llengua programa unibertsitatean eta unibertsitatetik kanpo ere garatzen da. Egun 6.000 “bikote linguistikotik” gora ari dira Katalunian.

Berriagoa da Valentzian Escola Valenciana Federació associacions per la Llengua erakundeak martxan jarri duen Voluntariat pel Valenciá egitasmoa. Valentziako hainbat udalekin batera antolatutako programa da eta antzekotasun handia du Katalunia eta Galiziako esperientziekin.

Hirurek dituzte hainbat antzeko ezaugarri. Bikoteka antolatzen dituzte hiztunak eta beraien hizkuntzetara hiztun berriak erakartzeko erabiltzen dituzte egitasmook (hizkuntza hauetan jariotasuna landu nahi duen jendeari zuzenduta egoteaz gain, hizkuntzara lehen aldiz hurbiltzen direnei ere zuzentzen baitiete). Hortaz gain, 10 orduko modulotan banatzen dute bikoteen harremana, 10 astetako iraupena baitu programak (nahiz eta nahi beste bider errepika daitekeen parte hartzea).

Topaguneak Euskal Herriko mintzapraktika egitasmoen esperientzia azaldu zuen mahai inguruetan. Azken urteotan egitasmoek izan duten hazkundearen berri emateaz gain, parte hartzaileek egitasmoan aisialdia, lagun giroa eta euskararen erabilera nola lotzen dituzten azpimarratu da.

Antzekotasun eta ezberdintasunak dituzten programak dira Galizian ezagututakoak, baina guztien oinarrian parte hartzeko aukera zabala eta hizkuntza gutxituen erabilera handitzeko gogoa nabarmen gelditu da. Hurrengo urteotarako elkarrengandik zer ikasia badagoela nabarmen gelditu da ere jardunaldiotan eta elkarlanerako aukera ona sortu da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude